« Volver a la noticias

alfamatic 103 modeloa alfa josteko makina

2018-12-02  ¦  Gema

"Alfamatic 103 Modeloa", Alfa Josteko Makina

alfamatic 103 modeloa alfa josteko makina

ALFA enpresa bere mendeurrena ospatzear dagoenez, abenduko hil honetan Alfako Alfamatic 103 modeloko josteko makina adierazgarri hau hautatu dugu hilabeteko pieza gisa. Izan ere, gure herriko industriaren garapenean ikurra izan da Alfa.

Beste hamarkada batean modernotasun ikono izandako 103 modeloko Alfa josteko makina unibertsala da lerrozuzenean eta zig-zag ean josteko; bi biratako anezka du puntada bakoitzeko, “tirahilos” artikulatua, marrazkiak aukeratzeko mandoa, eta puntadaren luzera bera mantentzen duen mekanismo berezi bat. Modelo honen merkaturatzea etxe-eremura zuzendu zen; hala ere, konfekzio-industrian eta joskintzan ere erabili zen.

1920an langile sozialista talde baten eskutik "Sociedad Anónima Cooperativa Mercantil y de Producción de Armas de Fuego Alfa" sortu zenean, enpresa-eredu berri bat jaio zen: kooperatiba. Izan ere, enpresa eredugarria bera, Estatu osoko lehen kooperatiba industriala izan zen, non langileak akziodunak eta jabeak ziren.

Jatorrian "Smith and Wesson" errebolberrak ekoizten zituen, eta 1921ean zegoeneko, Alfak bere suzko armen marka sortu zuen. Hala ere, 1925eko armagintza-krisiaren eraginez, enpresaren produkzioa beste arlo berri batzuetara bideratu behartu izan zuen Alfak, armaginen egokitzeko kapazitate historiko eta ezaguna erakutsiz. Horrela hasi zen, hain zuzen, Alfa josteko makina ospetsuen ekoizpena. Erabaki hori, hala ere, ez zen izan kasualitatea edo hausnarketarik gabekoa; izan ere, zeuzkaten makinekin eta langileen espezialitatearekin teknikoki bateragarria zen produktua bilatu zen, zeukaten azpiegitura industriala aprobetxatuta.

Bere bilakaera industriala indartzen jarraitu zuen Alfak, eta Estatuko josteko makinen lehen fabrika bihurtzea lortu zuen. 1940an sozietate kooperatibista berri gisa osatu zen, guztiz berriztuta eta “Máquinas de Coser Alfa, S.A.” izenarekin. Hamarkada horretan, bere josteko makinak mundu osoan esportatzen hasi zen Alfa enpresa; horren ondorioz, bere sare komertziala sortu zuen, hainbat agentzia eta sukurtsal bidez, 70 herrialde baino gehiago hornitzeko gaitasuna zuena .

Gaur egun, jarduera industriala berriztuta, eta, kapital pribatuaren bidez, enpresa berregituratuta, badira hamarkada batzuk Alfa josteko makinek enpresaren produktu izarra izateari utzi diotela.

Dena den, Eibarko industriaren izaera ekintzaile eta berritzailea erakutsita, Alfa josteko makinak erreferente ezin garrantzitsuagoak dira Eibarko historian eta ondare industrialean, zeinen erakusgarri izugarri eta interesgarria dugun gure Armagintza Museoan.