Ulsagako jauregiko arkabuzaria museoan
XVI. mendeko aretoa
Hareharrizko zatia, erliebe altuan landua, balkoi nagusiaren eskuinaldean zegoen, XV. mendearen amaieran eraikitako jauregi errenazentista zaharraren fatxada plateresko baten erdian.
Jauregia eraitsi ondoren (1902), pieza hori 1905ean eraikitako Geltoki kaleko zalditegi zaharren sarrerako atea eraikitzeko erabili zen. Elementu hori 2014an eraitsi zen, eta Mercedes Ayerbe Albizuri andreak eta César Gárate Ayerbe jaunak eman zioten Udalari, ate-zangoak eta ateburua osatzen zituzten gainerako harriekin batera.
Materialaren meteorizazioak eragindako gainazalaren degradazioa, ahultzea, materialik eza (hausturak) eta marruskadura-markak direla eta, zenbait gune jakinetan beharrezkoa izan da lehengoratzea. Horretarako, elementua garbitu behar izan da aldez aurretik, pH neutroa duten tentsioaktiboekin nahastutako urarekin, eta lan hori eskuzko sistemekin tartekatu da mortero-hondarrak ezabatzeko.
Hemendik aurrera, piezak leku nabarmena izango du ibilbide historikoaren bigarren aretoan, Aro Modernoan armagintzaren eta Eibarren garapenean faktore batzuek izan zuten garrantzira hurbiltzen gaituen esparruan. Interpretazio-panel baten bidez, jauregiaren antzinako kokapena eta dekorazio-xehetasunak ezagutu ahal izango dira, Amaia Torresek egindako marrazkiei esker.
Arkabuzariarekin batera, bisitariak Martin de Orbearen (Eibar 1591- Vélez-Málaga 1639) erretratua ikusi ahal izango du. Martin de Orbea 1627an Santiagoko Ordenako zaldun izendatu zuten eta 1631n Tierra Firmeko bost galeoien eta Nueva Españako flotaren almirante, eta ziur asko Orbea-Echave familiak utzitako jauregi hartako bizilagunetako bat izango zen.
Horrela, Eibarko ondare historikoaren elementu baliotsu bat berreskuratu eta balioa ematen zaio, eta, aldi berean, bere garaian egindako dohaintzaren xedea betetzen da.