Historia

Hasierako urratsak

Eibarko Arma Museoa XX. mende hasierako eibartar talde batek abiarazi zuen Armeria Eskolarekin batera. Ameslari haiek armagintzari bultzada bat emateko premia ikusi zuten horretarako propio sortutako prestakuntza-eskola bat jasota; hartara, armagin gazteek ofizioaren oinarri teorikoak eta praktikoak eskuratuko zituzten; teknologia berrien inguruko ezaguera jasoko zuten, eta horrekin batera, Eibarko industriak lortutako aurrerabidearen erakusleiho eta erreminta pedagogiko legez, Museoa jasoko.

Asmo hori gauzatzearren hasi ziren Bartzelonara, Berlinera eta beste hainbat lekutara joaten. Pedro Goenaga zinegotzia izan zen Liegèn antolatutako Arma-probatokien Kongresu batera joan eta hango École d'Armurerie Leon Mignon ezagututa Eibarko armaginen premietara egokitzen zen eskola-eredua ikusi zuena.

Armeria Eskolaren, Museoa barruan zuena, 1914ko ekainaren 24an inauguratu zen. Sasoi hartakoa da museoaren gainean argitaratu den lehenengo katalogoa, Inauguración del Museo de Armería de la Villa de Eibar izenekoa.

Eibarko Armeria Eskolaren Museoak 580 arma zituen orduan, arma luzeak eta arma motzak, baita arma zuriko sei modelo ezberdin ere. Arma horiek guztiak herriko fabrikanteek emandakoak ziren, Arma Probatokikoak, partikularrek eta orduko Gerra Ministerioak emandakoak. Arma-bildumarekin batera Armeria Eskolako ikasleek egindako lanak erakusten ziren.

Museoa sortu ondoren bilduma aberasten joan zen Lehen Mundu Gerran Eibarren egin ziren arma guztien erakuskari banakin, Julián Echeverriak, Armeria Eskolaren lehen zuzendariak, eskuratutakoak. Hala ere, arma-bilduma aberastu hori ez zen inongo katalogotan islatu, katalogatu aurretik arma asko ostu zirelako. 1936ko Armagintzaren Nazioarteko Erakusketa zela-eta, Eibarko arma-bildumaren erakuskari bat Parisera bidali zen, baina, gerra hasi zenez, hara eramandako armak ez ziren bueltatu.

Gerraostea

Gerraostean, herria berriro jasotzen emandako urte latz haien ondoren, 1960. urtearen inguruan Museoa modu penagarrian zegoen. Hasierako museo hura zeharo txikituta zegoen; arma baliotsuenak desagertuta; Eskolan geratzen zirenak baztertuta. Oso gutxi ziren erakusmahai berri batzuetan jarri ziren armak, museoa nork biziberrituko zain. José Ormaechea eskolaren zuzendaria izan zen, Armeria Eskola handitu ondoren Museoa osatu eta goitik behera eraberritu zuena .

Ormaecheak,1961eko urrian, bilera baterako deia luzatu zien Eibarko armagin zahar guztiei Arma Museoa berrantolatzeko eta handitzeko ardura hartuko zuen batzorde bat eratzeko asmoz. Lehen hartu-eman garrantzizko hartan, Armeria Eskolako zuzendariak han bildutako guztiei laguntza eskatu zien Antzinako Arma Museo hura Espainiako onenetakoa eta osatuena izan zedin, Museoan falta ziren arma guztiak bilatu eta batu eta beste arma berri batzuk lor zitzaten. Eman zioten erantzuna aho batekoa eta berehalakoa izan zenez segituan eratu zen batzordea: Eulogio Gárate batzordeburu; Jerónimo Echeverria idazkari; Paciano Arosa, Jesus Charola, Jose Echeverría, Vicente Baroja, Manuel Iturricastillo eta José Ormaechea bokal.

Hasieran, Erregimentu eta Artilleria Parke guztiei idatzi zieten, arma zaharrak eta arma bakoitzaren historia eta jatorriaren berri emateko eskatzen. Arma-enpresak bisitatu zituzten laguntza bila; arma zaharren fabrikazio-prozesu guztia ikertzea erabaki zen. Erakusmahai berriak ipini ziren ikusgai; baztertuta zeuden arma zaharrak zaharberritu eta erakutsi egin ziren arma zaharren argazkiekin lagunduta. Defentsa Ministerioarekin eta Ejertzitoarekin hartu-eman handia eduki zuten bilduma aberastearren.

Parisera 1936. urtean Nazioarteko Armagintza Erakusketarako bidali eta gerra zela-eta Eibarrera itzuli ez ziren 43 arma haiek berreskuratzerako orduan José de Uria armaginak eman zuen laguntza aipatzekoa da.

Bultzakada: 1962-1984

Armaginen Batzordeak eta José Ormaechea Eskolako Zuzendariak, 1962.urtea, Armeria Eskolaren 50.urteurrenarena, Museoa finkatzeko eta sendotzeko urtetzat hartu zuten. Arma Probatokiaren zuzendaria, Carlos Ruiz, Batzordean sartu zen laguntzera, bere aurretik kargu hartan egon zen Jose Junquera Quintiaren bidea jarraituta.

Espainiako armategi garrantzizkoenei gutunak bidali zitzaizkien arma zaharrak eskatzen. Modu horretan balio handiko informazioa eskuratzeaz gain jaso ziren eskaintzak benetan onak izan ziren. Sasoi hartako agintari askok jaso zuten eskabidea: Marokoko Hassan erregeak; Tunisiako Burguiba presidenteak; Irakeko Kasen presidenteak, Egiptoko Nasser presidenteak, Jordaniako Hussein erregeak...

Arma-fabrikek ere -Armas Bost, Victor Sarasqueta, Star-Bonifacio Echeverria, Astra Unceta y Compañía, Gabilondo...- arma egin berri batzuk Museoaren esku utzi zituzten. Arabia Saudiko erregeak ere lagundu zuen bilduma aberasten eta lau fusil oparitu zituen. Lau urteren buruan, lan demasa egin ondoren, Museoa antolatuta geratu zen.

Bigarren katalogoa 50. urteurrenarekin batera atera zen, armekin zerikusia edo lotura zuten hainbat idazkirekin eta museoan zeuden arma guztien inbentario eta historial zehatz mehatz batekin hornitua.

Ordutik hona asko izan dira museoak jaso dituen bisitari ospetsuak.

Katalogo berri bat atera zen 1984.urtean, 1914. urtean eta 1964. urtean argitaratutako katalogoak agortuta baitzeuden. Juan Luis Calvó arma zaharretan aditu handia denak Ramiro Larrañaga armagintzaren historia ikerlari ahantzezinarekin batera egindakoa. Hitzaurrea Juan San Martinena zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu zuen katalogoaren argitalpena.

Etorkizunari begira

Museoak Armeria Eskolan izan zuen egoitza eta hark kudeatu eta zaindu zuen 2000. urtera arte. Urte hartan Eibarko Udalari eman zitzaion. Donazioaren ondorioz, "Armian Animia"erakusketa egin zen Portaleko erakusketa-gelan 2000. urteko abenduan eta harrera izugarria izan zuen.

Arma-bilduma kalitatean zein kantitatean sendotzeko asmoarekin, 2007. urtean Udalak Star, Bonifacio Echeverria SA lantegiaren arma-funtsa erosi zuen, eta horrela, pieza berriekin osatu zuen udal-bilduma. Gaur egun, donazioen eta erositako armen artean, Udalak 1000 aleko funtsa dauka.

2007ko urtarrilaren 18an ireki zen egungo museoa armei eskainitako aretoen inaugurazioarekin. Gaur egun museoa osatzen duten gainontzeko espazioak 2009ko maiatzaren 13an ireki ziren.

Gaur egun Armagintzaren Museoa udal-izaerako museo-ekipamendua da, zeinak hartzen zituen Portalea erakineko bosgarren solairuko 1200 metro koadroak. Horietatik 1000 metro koadro erakusketara eskainita daude. Eraikin horretan egon zen kokatuta arma-fabrika zaharra eta hiriaren erdialdean dago. Museoaren ardatz nagusia arma-bilduma zabalak eta Eibarren egindako produktu ugarik (bizikletak, motoak, josteko makinak) osatzen dute. Helburu nagusia da arma-tradizio handiko herri baten memoria historikoa eta industria-patrimonioa gordetzea eta zabaltzea eta bisitariari XIV. mendetik gaur egunera arteko Eibarko industria-historiaren bilakaeratik ibilbidea eskaintzea.