Eraikina - AYA

AYA eraikina - Portalea Kultura Etxea

Eibarko Museoa Portalea kultura etxean dago kokatuta. Erdigunean dago, San Andres elizatik gertu, Bistaeder kaleko 10. zenbakian. Portalea eraikinean Aguirre y Aranzabal "AYA" eskopeta-fabrika egon zen, 1914. urtean 8 behargin zituena.

Eraikinak, hainbat solairu dituena, Eibarren oso arrunta den industria-tipologia arrazionalista du. Raimundo Alberdi y Abaunz arkitektoak proiektatu zuen 1926an, eta 30eko hamarkadaren amaieran eraiki zen. 1951n eraikina handitzeko lanak hasi, eta 1960 inguruan amaitu ziren. Urte horretan, lantegia altxatuta geratu zen, gaur egun dagoen bezala.

Gerraostean, 1940. urtean, AYA. enpresa eraikin horretan kokatu zen, eta laurogeiko hamarraldira arte egon zen bertan. Udalak 1988. urtean erosi zuen.

A.Y.A. enpresak lehoiaren irudia hartu zuen ikurtzat. Fatxada nagusian dago "1996" urtea jartzen duen lekuaren ondoan. Izan ere, urte hartan, udalak, eraikina goitik behera berriztatu eta Portalea Kultura Etxea atondu zuen.

Portalea izena Eibarrera sartzeko ate batean du jatorria, eta Aro Modernoaren hasieratik XX. mendera arte, egungo kultura etxetik gertu zegoen,  seguru asko, merkantziak Elgetatik Gaztelarantz eramateko eta Gaztelatik sartzeko. Dokumentu zaharretan agertzen denez, eibartarrek "Portal" edo "Portala" izenez ezagutzen zuten sarbide hori. Eraikina atetzar horren kokagune zaharretik gertu dago eta horregatik jarri zitzaion Portalea izena.

Kultura Etxeak hainbat kultura-zerbitzu hartzen ditu: 700 m2-ko erakusketa-aretoa, hitzaldi-aretoa, 113 jarlekukoa, bilera-gelak, tailerrak...

Museoa 5. solairuan dago eta 1200 m2 ditu.