Turismoa eta ingurua
Eibar
Eibar Gipuzkoako industriaren gune garrantzitsuenetako bat izan da mendeetan zehar, batez ere armen fabrikazioari esker, eta hortik datorkio hiri armaginaren goitizena. XX. mendean, armagintzan oinarritzetik bere jarduera dibertsifikatzera igaro zen. Ekonomiarekin hazkundearekin leku gehiago behar zuenez, inguruko mendiei lekua hartzen hasi zen, eta gaur egun oraindik ere kaleetan ikus daitezke orduko konponbide bereziak.
Historia honi buruz gehiago jakiteko, Museoaz gain, Armagintza Eskolako erakusketa txikia edo Alfako bulegoetan ikusgai dagoen josteko makinen aretoa ere bisita daitezke. Ikusi hemen Eibarko mapa turistikoa nora joan jakiteko.
Ondarea
Eibarren dena ez da industria. Eskualdeko burua eta biztanle gehien dituen udalerria denez, ondare arkitektoniko esanguratsua du, hala zibila nola erlijiosoa. Museotik oso gertu, XVI. eta XVII. mendeen artean eraikitako San Andres Eliza dago. Bertan erretaula ikusgarria nabarmendu behar da. Hirigunean, Untzaga Plazan, Udaletxea dago, 1901ean inauguratua eta estilo neoklasikokoa. Adierazgarria da, 1931ko apirilaren 14an errepublikaren bandera altxatu zen lehen tokia izan zelako. Azitain auzoan, kanpoaldean, ermita bat nabarmentzen da, munduan dauden hiru Kristo bizargabeetako bat duena. Arrateko santutegia ahaztu gabe, Arrateko Ama Eibarko zaindaria da eta Arrateko zelaia irailaren hasieran erromeriak egiteko lekua. Gainera, eremu horretan Gerra Zibilaren Frontearen Interpretazio Zentroa dago, 1936 eta 1937 bitarteko gertaerak azaltzen dituen memoria-gunea; izan ere, Arraten gerrako frontea egon zen.
Gerra Zibilaren Fronteraren Zentroa
Kirola
Kirolarientzat, Eibarren asko dago ikusteko eta egiteko. Ipurua Udal Estadioa, Eibar futbol-taldearen egoitza, Lehen Mailako estadiorik txikiena da 2014az geroztik. Museoa eta zelaia bisitatzea ezinbestekoak dira futbolean interesa duten pertsonentzat. Beste historiko bat Astelena pilotalekua da, 1904an inauguratua, maila goreneko pilota-partidak eta ekitaldi sozial ugari hartzen dituena. Txirrindularitza ahaztu gabe; Arraten amaitzen da urtero Itzuliaren (Euskal Herriko Txirrindularitza Itzulia) etapa bat, eta Espainiako Itzuliaren etapa-amaierako eszenatokia ere izan da.

SD Eibar, Lehen Mailako norgehiagoka bat jokatzen.
Artea eta Kultura
Eibarrek, eskualdeko buru den aldetik, bizitza kultural bizia du. Portalea Kultur Etxean, erakusketak, hitzaldiak, proiekzioak, tailerrak eta beste hainbat ekintza antolatzen dira. Coliseo Antzokia, 1949an inauguratua, Antzerki Jardunaldien egoitza da, eta bertan kontzertuak, era guztietako ekitaldiak eta zine emanaldiak egiten dira. Hori gutxi balitz bezala, hiriak arte publikoko bilduma interesgarri bat du, Jorge Oteizaren eskultura bat tartean.

Coliseo Antzokia, barrutik.
Gastronomia eta erosketak
Eibarri ez zaio ezer falta, ezta ondo jateko edo erosketak egiteko lekurik ere. Erdigunean, batez ere Toribio Etxebarria eta Egogain kaleen inguruan, denda eta ostalaritza-establezimendu ugari daude. Martxoan gilda-lehiaketa egiten da, eta azaroan pintxo- eta bakailao-lehiaketa. Arrate inguruan ere bapo jateko lekuak ez dira falta.
Debabarrrena, dena eskura
Eibar Debabarreneko biztanle gehien dituen herria da. Eskualdea 8 herrik osatzen dute, 2 Bizkaian eta 6 Gipuzkoan: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze. Kostaldean duen kokapenari esker, eta hiru euskal hiriburuetatik distantzia berdintsura egonik, Debabarrena da Euskadi ezagutzeko lekurik egokiena. Eskualdeak hondartzak eta mendiak, ondare industriala eta kulturala, gastronomia eta turismo aktiboa ditu. Ezagutu hemen Debabarrena bisitatzeko 10 arrazoi eta hemen bere herriei buruzko guztia.
Euskal kosta
Deba eta Mutriku, Debabarrena kostaldeko bi herriak, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen zati dira. Hondartza eta itsaslabar ikusgarriak daude, eta flysch-a bere distira osoan ikus daiteke. Surfa egiteko, urpekaritzan jarduteko edo itsasontzian ibiltzeko tokirik ere ez da falta. Ezagutu hemen Debabarreneko kostaldeko sekretu guztiak.
Natura
Debabarreneko barrualdea ere naturaz gozatzeko tokiz beteta dago. Geoparkearen barnealdetik hasita, Olatz eta Lasturko haran karstikoetatik, Elgoibar eta Soraluze arteko mugan dagoen Dolmenen Ibilbideraino, gustu guztietarako txokoak daude. Eskualdeko bidezidor eskaintza zabala ahaztu gabe. Ezagutu hemen Debabarreneko natura.
Ondarea
Museora egindako bisita osatzeko, eta Debabarreneko industria garatu zen testuinguruari buruz gehiago jakiteko, ezinbestekoa da Elgoibarko Makina-Erremintaren Museora bisita egitea. XX. mende hasierako makina-gela bat du, forja zahar baten erreprodukzioaz gain, galdaketa-prozesua azaltzen duena.
Debabarreneko beste museo berezietako bat Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoa da. Geoparkean aurkitutako itsas fosilen bilduma zabala du. Ondare arkitektonikoari dagokionez, merezi du Debako Santa Maria Eliza eta Arrietakua Jauregia ezagutzea, Geoparkeak antolatzen dituen bisita gidatuen bidez. (azken loturak gaztelaniazko webgunera eramaten du)
Gastronomia
Debabarrenak kalitate goreneko tokiko produktuak ditu, hala nola Euskadiko txokolate fabrikarik zaharrenetako bat, Mendaroko txokolateak, 1850etik ari dena jardunean. Otsailean San Blas eguna ospatzen da, eta familia askok opil tradizionalak egiten dituzte. Eta azaroan, Tripontziak ekimena egiten da: eskualdeko hainbat jatetxek tokiko eta sasoiko produktuen menu bat eskaintzen du 28 eurtoan. Aipatzekoak dira, baita ere, txakolin-mahastiak, sagardotegi ekologikoak, arrain-kontserbak, gaztandegiak eta abar. Urte osoan zehar zapore zoragarriez gozatzeko, ikusi hemen non jan eta lo egin Debabarrenean.