Historia

Hasierako urratsak

Eibarko Arma Museoa XX. mende hasierako eibartar talde batek abiarazi zuen Armeria Eskolarekin batera. Ameslari haiek armagintza sustatzeko beharra ikusi zuten, eta horretarako prestakuntza-zentro espezializatu bat eraikitzea pentsatu zuten, non armagin berriek lanbidearen oinarri teoriko eta praktikoak eskuratuko zituzten; asmoa zen Museoa tresna pedagogiko bat izatea, eta baita Eibarko industriak izandako eboluzioaren erakusleiho bat ere.

Xede hori gauzatzearren hasi ziren Bartzelonara, Berlinera eta beste hainbat lekutara joaten. Pedro Goenaga zinegotzia izan zen Liegèn antolatutako Arma-probatokien Kongresu batera joan, eta hango École d'Armurerie Leon Mignon ezagututa Eibarko armaginen premietara egokitzen zen eskola-eredua ikusi zuena.

Armeria Eskolaren eraikina, museoa ere bazuena, 1914ko ekainaren 24an inauguratu zen. Sasoi hartakoa da museoari buruz argitaratu zen lehenengo katalogoa, Inauguración del Museo de Armería de la Villa de Eibar izenekoa.

Eibarko Armeria Eskolaren Museoak 580 arma zituen orduan, arma luzeak eta motzak, baita arma zuriko sei modelo ezberdin ere. Arma horiek guztiak herriko fabrikanteek, Arma Probatokiak, partikularrek eta orduko Gerra Ministerioak emandakoak ziren. Arma-bildumarekin batera Armeria Eskolako ikasleek egindako lanak erakusten ziren.

Museoa sortu ondoren bilduma aberasten joan zen Lehen Mundu Gerran Eibarren egin ziren arma guztien modeloekin, zeinak Julián Echeverria Armeria Eskolaren lehen zuzendariak eskuratu zituen. Hala ere, arma-bilduma hori ez zen inongo katalogotan islatu, aurretik arma asko ostu zituztelako. 1936ko Armagintzaren Nazioarteko Erakusketa zela-eta, Eibarko arma-bildumaren zati bat Parisera bidali zen, baina, gerra hasi zenez, hara eramandako armak ez ziren bueltatu.

Gerraostea

Gerraostean, herria berriro jasotzen emandako urte latz haien ondoren, 1960. urtearen inguruan Museoa egoera penagarrian zegoen. Hasierako museo hura zeharo murriztuta zegoen; arma baliotsuenak desagertuta, Eskolan geratzen zirenak erretiratuta zeuden. Oso gutxi ziren bitrina berri batzuetan jarri ziren armak, museoa nork biziberrituko zain. José Ormaechea Eskolaren zuzendaria izan zen, Armeria Eskola handitu ondoren, Museoa osatu eta goitik behera eraberritu zuena.

Ormaecheak,1961eko urrian, bilera baterako deia luzatu zien Eibarko armagin zahar guztiei Arma Museoa berrantolatzeko eta handitzeko ardura hartuko zuen batzorde bat eratzeko asmoz. Lehen hartu-eman garrantzizko hartan, Armeria Eskolako zuzendariak han bildutako guztiei laguntza eskatu zien, Museoan falta ziren arma guztiak batuz eta beste arma berri batzuk lortuz, Arma Museo hura Espainiako onenetakoa eta osatuena izan zedin. Baiezkoa eman zioten aho batez, eta berehala eratu zen batzordea: Eulogio Gárate, batzordeburu; Jerónimo Echeverria, idazkari; Paciano Arosa, Jesus Charola, Jose Echeverría, Vicente Baroja, Manuel Iturricastillo eta José Ormaechea, bokal.

Hasieran, Erregimentu eta Artilleria Parke guztiei idatzi zieten, arma zaharrak eta arma bakoitzaren historia eta jatorriaren berri emateko eskatuz. Arma-enpresak bisitatu zituzten laguntza bila, eta erabaki zuten arma zaharren fabrikazio-prozesu guztia ikertzea. Bitrina berriak ipini ziren ikusgai; baztertuta zeuden arma zaharrak zaharberritu eta erakutsi ziren, arma zaharren argazkiekin lagunduta. Defentsa Ministerioarekin eta Ejertzitoarekin hartu-eman handia eduki zuten bilduma aberastearren.

Parisera 1936. urtean Nazioarteko Armagintza Erakusketarako bidali eta gerra zela-eta Eibarrera itzuli ez ziren 43 arma haiek berreskuratzerako orduan José de Uria armaginak eman zuen laguntza aipatzekoa da.

Bultzakada: 1962-1984

1962. urtean, Armeria Eskolaren 50. urteurrenean, Armaginen Batzordeak eta José Ormaechea Eskolako zuzendariak Museoa finkatzeko eta sendotzeko erabakia hartu zuten. Carlos Ruiz Arma Probatokiko zuzendaria Batzordean sartu zen laguntzera, bere aurretik kargu hartan egon zen Jose Junquera Quintiaren bideari jarraituta.

Espainiako armategi garrantzizkoenei gutunak bidali zitzaizkien arma zaharrak eskatuz. Modu horretan balio handiko informazioa eskuratzeaz gain, jaso ziren eskaintzak benetan onak izan ziren. Sasoi hartako agintari askok jaso zuten eskabidea: Marokoko Hassan erregeak; Tunisiako Burguiba presidenteak; Irakeko Kasen presidenteak, Egiptoko Nasser presidenteak, Jordaniako Hussein erregeak...

Arma-fabrikek ere -Armas Bost, Victor Sarasqueta, Star-Bonifacio Echeverria, Astra Unceta y Compañía, Gabilondo...- arma egin berri batzuk Museoaren esku utzi zituzten. Arabia Saudiko erregeak ere lagundu zuen bilduma aberasten eta lau fusil oparitu zituen. Lau urteren buruan, lan handia egin ondoren, Museoa antolatuta geratu zen.

50. uirteurrenaren harira, bigarren katalogoa atera zen, armekin lotura zuten hainbat idazkirekin eta museoan zeuden arma guztien inbentario eta historial zehatz batekin.

Ordutik hona asko izan dira Museoak jaso dituen bisitari ospetsuak. Katalogo berri bat atera zen 1984.urtean, 1914an eta 1964an argitaratutako katalogoak agortuta baitzeuden. Haren egile izan ziren Luis Calvó (antzinako armetan aditua), Juan San Martin (hitzaurrea egin zuena), Ramiro Larrañaga (armagintzaren historiaren ikertzailea) eta Antonio Aguirresarobe (piezen argazkilaria). Katalogo honek Gipuzkoako Foru Aldunadiaren dirulaguntza jaso zuen.

Etorkizunari begira

Museoak Armeria Eskolan izan zuen egoitza eta hark kudeatu eta zaindu zuen 2000. urtera arte. Urte hartan Eibarko Udalari eman zitzaion. Dohaintzaren ondorioz, "Armian Animia" izeneko erakusketa egin zen Portaleko erakusketa-gelan 2000. urteko abenduan, eta harrera izugarria izan zuen.

Arma-bilduma kalitatean zein kantitatean sendotzeko asmoarekin, 2007. urtean Udalak Star, Bonifacio Echeverria SA lantegiaren arma-funtsa erosi zuen, eta horrela, pieza berriekin osatu zuen udal-bilduma. Gaur egun, dohaintzak eta erositako armak batuta, Udalak guztira 1.000 aleko funtsa dauka.

2007ko urtarrilaren 18an ireki zen egungo museoa armei eskainitako aretoen inaugurazioarekin. Gaur egun museoa osatzen duten gainontzeko espazioak 2009ko maiatzaren 13an ireki ziren.

Gaur egun, Armagintzaren Museoa udal mailako museo-ekipamendua da, eta Portaleko eraikineko bosgarren solairuko 1.200 metro karratuak hartzen ditu; horietatik 1.000 metro karratu erakusketa-espaziorako dira.Eraikina, non AYA Aguirre y Aranzabal arma luzeen fabrika zaharra egon zen, herriaren erdigunean dago.

Museoaren ardatz nagusia arma-bildumak eta Eibarren egindako produktuek (bizikletak, motoak, josteko makinak) osatzen dute. Helburu nagusia da arma-tradizio handiko herri baten memoria historikoa eta industria-ondarea gordetzea eta zabaltzea, eta bisitariari XIV. mendetik gaur egunera arte Eibarko industriak izan duen historiaren bilakaera ezagutaraztea, horretarako presatutako ibilbide bat eskainiz.