Pieza berria museoan
Bingen Zupiria , Jon Iraola eta Andoni Zabala
Armagintzaren Museoak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren finantzaketari esker, 30.000 euroren truke erosi du Star Bonifacio Echeverria SA fabrikak 80ko hamarkadaren amaieran egin zituen gama altuko hamar eskopetetako bat.
Gaur aurkeztu dute komunikabideen aurrean Armagintzaren Museoan, eta bertan izan dira Jon Iraola Eibarko alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Andoni Zabala Kultura zinegotzia.
Une hartako artisau onenek egindako lana bikaina da. Kalitate goreneko intxaurraren zura eta Patricio Echeverria Lantegiko altzairua bezalako materialez gain, arma honek Lucas Alberdi eibartar artistak eskopetaren elementu guztiak hornitzeko erabili zuen damaskinatuaren aberastasunari eta ugaritasunari zor dio bere balioa: kanoiak, esku-babesgarria, pletinak eta baskula.
Lucas Alberdi Aranzabal eibartarrak egin zuen eskopetaren damaskinatua. Haren sinaduraren arabera, damaskinatu-lanak 1983an egin ziren. Lucas Alberdi 14 urterekin hasi zen damaskinatuan aprendiz gisa lanean, eta, besteak beste, Francorentzat, Juan Carlos I.arentzat, Hassan II.arentzat eta Jordaniako Husseinentzat egin zituen damaskinatu-lanak.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, gaur aurkezten den piezak "lagundu egingo digu gure herriaren ondare industriala ezagutarazten. Pieza hau esku-lan mota baten eta jakintza baten fruitu da. Eta, baita ere, herri honek industria ulertzeko modu baten erakusgarri, garai eta material ezberdinetara egokitzen jakin zuena. Eta hori Eibarko langile eta enpresarien esfortzuari esker izan zen posible." Sailburuak esan du pieza hau hainbat erakunderen lankidetzari esker dagoela Armagintzako Museoan: “Balio handiko pieza historiko hau herritarrek ikusteko moduan egongo da, Eusko Jaurlaritzaren, Eibarko Udalaren eta Armagintzaren Museoaren arteko lankidetzari esker. Kultura-ondarea aberastea, kudeatzea, sozializatzea eta transmititzea erakunde guztien eginkizuna da; lankidetzan eta elkarlanean egin beharreko lan bat.
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “gure Museoak mila bat arma inguru eta ehunka objektu ditu gure herriko tailerretan egindakoak. Aurten, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ondarea erosteko emandako zuzeneko dirulaguntzari esker, Star markako eskopeta bat erosteko aukera izan dugu; eskopeta Star Bonifacio Echeverría SA fabrikak 80ko hamarkadaren amaieran egin zituen gama altuko 10 eskopetetatik 3 zenbakikoa da”. Azkenik, gogorarazi du museoaren helburua Eibarko memoria historikoa eta industria-ondarea kontserbatzea eta zabaltzea dela