“Fenix, parekorik ez daukan bizikleta” publizitate-kartela

2024/01/05
ZSOTek sinatua eta Bilboko A.G. Grijelmo SA inprimategiak editatua. Inprimategi hori 1886an sortu zuen Guillermo Grijelmok, eta bere semeak hartu zuen lekukoa, Federicok, baina behar baino lehen hil zen. Horrela, bada, haren biloba Federico Guillermo Grijelmoren eskuetan geratu zen zuzendaritza. Inprimategiak aktibo jarraitzen du gaur egun.
Card image cap

Urtarrilean, publizitate-kartel interesgarri hau aurkezten dugu, duela gutxi erositakoa. Industrian beti izan da beharrezkoa fabrikatzen dena modu erakargarrian aurkeztea, are gehiago XX. mendean, eta horrek kontzeptu grafiko eta bisualaren espezializazioa eragin zuen industria-esparruan. Adierazpen artistiko berriak ekarri zituen, hala nola industria-publizitatea, eta kalitate estetiko handikoak gainera. Artista ugari arduratu ziren fabriken irudi komertzialaz, eta moda eta gustu estetikoak eraman zituzten industriara. Era berean, beren aztarna utzi zuten armak, bizikletak, etxetresna elektrikoak, erremintak eta Eibarko industriako bestelako produktuak iragartzeko lanetan.

Kartelen eta katalogoen publizitatearen dotorezia bisualak, aurkeztuko duguna bezalakoak, bere produktuak aukeratzera animatzen zuen kontsumitzailea. Arteak sinbologiaz betetako koloretako iragarki bihurtu zuen zuri-beltzeko publizitatea, testuz josia eta irudi gutxikoa. Lana egiten zuen artistak bazekien bere ahalmena mezu bat berehala komunikatzeko gaitasuna zela, harritzeko eta ia irakurri gabe gogoratzeko asmo argi eta nabarmenarekin.

 

Fenix bizikletaren fabrikatzailea

Kartel honetan ikus dezakegun bizikletaren enpresa fabrikatzailea ECHASA, Echave-Arizmendi izan zen. Hasiera batean armak egiten zituen, baina, gerra zibila amaitzean, bizikletak fabrikatzen hasi zen.

José Echave (1870-1965) markinarrak arma laburrak fabrikatzeko enpresa bat sortu zuen lehenengo. Baina, hortik gutxira, José Agustín Arizmendiarrietarekin elkartu zen eta, 1914an, Eibarko Geltoki kalean kokatu zuten enpresa. Gerra zibilaren ondoren, enpresak behin betiko utzi zion armak fabrikatzeari, eta Stark, Fenix eta Echasa markako bizikletak fabrikatzeari ekin zion. Bigarren mundu-gerran, Eibarko enpresek urrezko aukera izan zuten armagintzan (Europako armadentzako armetan), baina lau faktoria hauek bakarrik lortu zuten horretarako baimena: Unceta (Gernika), Bonifacio Echevarria (Eibar), Gabilondo y Cía (Elgoibar) eta Echave y Arizmendi (Eibar) faktoriek. Garai hartan, 1959. urte aldera, enpresa armak ekoizten hasi zen berriro, batez ere Walter eta Luger pistola alemaniarren kopiak, baina ECHASA, Echave y Arizmendi SA izen sozialarekin; Estatu Batuetara merkaturatzen zituzten batik bat.

Hala ere, 1969an armak ekoizteari utzi behar izan zion, armei eta lehergaiei buruzko araudi berria zela eta. Horren ondorioz, enpresa fabrikatzaileek perimetro itxi batean egin behar zuten ekoizpen-prozesu osoa, eta Eibarko enpresak ez zuen horretarako aukerarik.

Beraz, bizikletetara itzuliz eta beste marka batzuk egiten ari ziren produktuaren bilakaera natural gisa, enpresak zilindrada baxuko motozikleta bat diseinatu zuen. Motozikleta horrek oso aldaketa gutxi izan zituen 1954tik 1962ra, eta IRESA madrildarrak egindako 65 cc eta 50 cc-ko motorrak zituen.

Echasa hazi ahala, akziodun gehiago sartu ziren eta inbertsio handia egin zuten Ubitxa kaleko eraikin berrian; bertan zentralizatu zuten jarduera. Une horretan, 50eko hamarkadaren erdialdera aldera, enpresak 70 langile zituen. 60ko hamarkadatik aurrera, Echasa SAk zailtasun asko izan zituen instalazio berrian egindako inbertsio handiagatik, merkatuaren egoeragatik eta petrolioaren krisialdiagatik. Hori dela eta, behin betiko desagertu zen 1970ean.

Juan Alonso Asensio Vaquerok dohaintzan eman du kartela Eibarko Armagintzaren Museoan erakusteko.