« Volver a la noticias

Hilabeteko pieza

2017-02-28  ¦  Marina

2017ko martxoa:Pablo Sarasuak damaskinatutako anfora

Hilabeteko pieza

Aukeratu dugun lehenengo pieza damaskinatutako anfora bat da. Anforak antzinako greziar eta erromatarren garaitik erabiltzen diren edukiontziak dira, eta lepo luzea eta bi helduleku izaten dituzte. Hainbat erabilera ezberdin izan dute historian zehar, baina ezagunenak ardoa edo olioa gordetzea dira.

Hala ere, gure piezaren tamaina txikiak (33 zentimetroko altuera) eta materialak apaingarri funtzioa betetzeko egin zela ondorioztatzera garamatzate. Normalena anforak zeramikazkok izatea bada ere, esku artean daukaguna burdinazkoa da, damaskinatua altzairu edo burdina gainean baino ezin baita egin.

Urrezko zein zilarrezko hariak erabiliz marrazki oso finak egitean datzan teknika da damaskinatua, eta Eibarren Eusebio Zuloagak landu eta garatu zuen lehenengoz XIX. mendean. Denborarekin herriko dekorazio teknika ezagunena bilakatuko zen, bereziki armagintzan. Eusebioren semea zen Placidok teknika hobetu eta marradura (haria sartu aurretik materiala hiru norabidetan urratzea edo pikatzea) ezarri zuenean, damaskinatua gehiago zabaldu zen beste era bateko objektuetara, gure hilabeteko pieza kasu.

Anfora hau Pablo Sarasuak (Eibar 1885-1969) damaskinatu zuen 1948.urte inguruan. Pablo Sarasua Eibarrek eman duen damaskinatuaren, eta bereziki itzalduren maisuetako bat da. Itzalduraren teknika damaskinatutako irudiei nolabaiteko bizia ematean datza, eta oso ondo nabaritzen da anforako animalia irudi ederretan. Azken finean, kontuan izan behar dugu ofizioa eta trebetasuna familiatik zetozkiola Pablori, izan ere Donato Sarasua izan zuen aita, Placido Zuloagaren ikastunetako bat eta Rabal kalean zegoen Sarasua etxea damaskinatu tailerraren sortzailea.

Pieza hau 2014. urtean iritsi zen museora, Joseba Sarasuaren (Pabloren semea) eskutik. Aldi berean, aitak damaskinatzeko erabiltzen zuen tresneria ugari ere eman zuen dohaintzan. Urte horretan bertan Maria Asun Noguesek anfora berriztatu zuen, gehiago iraun eta hasieran bezain eder mantentzeko.