Eraikina - AYA
AYA eraikina - Portalea Kultura Etxea
Eibarko Museoa Portalea kultura etxean dago. Eraikin hori herri barruan dago, San Andres elizatik gertu, Bista Eder kaleko 10ean. Izatez, Portalea eraikina, antzina, Aguirre y Aranzabal eskopeta-fabrika zaharra bera da, "A.Y.A.", 1914. urtean 8 behargin zituena.
Eraikinak, Eibarren oso arrunta den industria-tipologia arrazionalista du eta hainbat solairu ditu. Raimundo Alberdi y Abaunz udal arkitektoak egin zuen proiektua, udalak, 1938ko irailaren 17an onetsi ondoren hasi zen eraikina jasotzen. 1951ean fabrika handitu egin zen; 1960. urte inguruan egin ziren hango azken obrak: horixe da gaur egun ezagutzen dugun eraikina.
Gerraostean, 1940. urtean, A.Y.A. enpresa eraikin horretan kokatu zen eta laurogeigarren hamarraldira arte egon zen bertan. Udalak 1988. urtean erosi zuen.
A.Y.A. enpresak lehoiaren irudia hartu zuen ikurtzat. Fatxada nagusian dago "1996" urtea seinalatuta dagoen lekuaren ondoan. Urte hartan, udalak, eraikina goitik behera berriztatu eta Portalea Kultura Etxea atondu zuen.
Kultura Etxeak hainbat kultura zerbitzu hartzen ditu: 700 m2ko erakusketa-aretoa, hitzaldi-aretoa, 113 jarlekukoa, bilera-gelak, tailerrak...
Museoa 5. solairuan dago, 1200 m2 ditu.