« Volver a la noticias

Pedalei eragiten 50eko hamarkadan

2017-09-19  ¦  marina barrena

Aldi baterako erakusketa. Irailaren 19tik urriaren 29ra. Sarrera doain.

Pedalei eragiten 50eko hamarkadan

EIBARKO UDALAK BAT EGINGO DU AURTEN ERE MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEAREKIN “Pedalei eragiten 50eko hamarkadan” ERAKUSKETAREKIN

2017ko Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, Eibarko Armagintzaren Museoak Eibarren egindako 50eko hamarkadako bizikletak biltzen dituen erakusketa bat hartuko du, irailaren 19tik urriaren 29ra. Europako Batzordeak Mugikortasunaren Europako Astea 2017 ospatzeko aukeratu duen gaia mugikortasun garbi, partekatu eta adimentsuan zentratuta dago eta lema da Partekatzeak urrutiago eramaten zaitu! Goiburu horrekin Europako Batasunak animatzen gaitu konpartitutako mugikortasuna sustatzera eta garraiobide garbien onurak azpimarratzera, garraio adimentsuaren teknologietan bermatuta. Orobat, animatzen gaitu irailaren 22an izango den “autorik gabeko egunean” parte hartzera. Eibarko Udalak bat egingo du aurten ere ekimen honekin Armagintzaren Museoak hartuko duen “Pedalei eragiten 50eko hamarkadan” erakusketaren bitartez. Irailaren 19tik urriaren 29ra, biak barne, Eibarko Museora hurbiltzen direnek gozatu ahal izango dute Eibarren egindako 50eko hamarkadako bizikleten erakusketarekin. Aldi baterako erakusketa honetan, besteak beste, marka hauek ikusi ahal izango dira: B.H. Orbea, G.A.C. Super Cil, Fenix, Iberia, Saeta, Invicta, Teide, Ciclos Mendi, Gamma, Ciclos Sabel, Borty eta Norma. Honela, bere fondoak osatzeko Eibarko Udalak erosi berri dituen bizikleten bildumaren parte bat erakutsi ahal izango da.