La bicicleta, una máquina móvil, veloz y bella
Hitzaldi hau irudi bidezko paseo bat da, bizikletaren berrehun urteko historiatik eta haren legatu kulturaletik zehar.
Narrazioak bidaia bat egiten du bizikletaren aurrekarietatik —1817an Alemanian asmatutako Draisienne izenez ezagutzen den tramankulu mekanikotik— gaur egunera arte. Bi mendeko tarte horretan, hainbat aurrerapen tekniko gertatu ziren —progresiboki garatzen diren mekanismoen gisara—, zeintzuen ondorioz, makina mugikor, azkar eta are eder bat sortu zen: Vélocípède izeneko ibilgailua. Horrekin batera, neologismo berri bat jaio zen hainbat hizkuntzatan makina berria izendatzeko: vélo/bicyclette, bicicleta, bizikleta, bicicletta o bicycle.
Bizikletaren erabilerak ohitura sozial berriak ekarri zituen: lanera bizikletaz joatea, bizikletaz paseatzea, mugitzeko askatasuna izatea, emakumeen emantzipazioa, txirrindularitzarako arropa egokia erabiltzea, abiadurarekiko erakarpena eta lehiarako gogoa, eta, hortik txirrindularitzaren finkapena kirol gisa. Fenomeno ezagun honen hedapena, 1830ean trena asmatu baino lehenago gertatu zena, Bigarren Iraultza Industrialaren ekoizpen-gertakari bat izan zen, 1914an Lehen Mundu Gerra hasi zen arte. Gerra amaitu ondoren, beste herrialde batzuetan bezala, Eibarren ere arma-lantegi asko eraldatu, eta gutxienez lau bizikleta-fabrika sortu ziren, 1923tik 1927ra bitartean, orduz geroztik ibilbide luzea izan dutenak.
Bizikleta garraio pertsonalerako ibilgailutzat erabiltzeak lantegi ugari eraikitzea eragin zuen, bereziki Europako herrialde industrializatuetan. Horri esker, etengabeko aurrerapenak egin ziren ekoizpen-moduetan, teknologian eta materialetan.
Lehia handia zegoen bizikleta-egileen eta pneumatiko-fabrikatzaileen artean salmenta hobeak lortzeko, eta horren ondorioz, publizitateak indar handia hartu zuen, batez ere, kartel formatuan. Espezialista ospetsuek edertasun handiko kartelak egin izan dituzte, emakumea erreferentzia gisa hartuta. Kartel horietako asko arte-obratzat jo izan dira eta bildumetan eta museoetan gordetzen dira.
Bizikletak artista askoren arreta erakarri du, eta obra literario zein musikalak inspiratu. Obra horien artean estilistikoki oso desberdinak diren hiru aro zehaztu behar dira: erromantizismoa eta modernismoa, futurismoa eta aro garaikidea. Laburbilduz, historian zehar bizikletak garrantzi handiko legatu soziokultural eta deportiboa utzi digu.
Hitzaldiaren beste kapitulu batzuk hauexek dira: feminismoaren lorpena eta emakumearen emantzipazioa bizikletari esker; txirrindularien arteko hasierako desafioa, eta handik gutxira kirol lehiakor gisa lortu zuen arrakasta, gaurdaino irauten duena; berriki gertatu den museoratzea eta memoria; bai eta bizikleta sortzaileen inspirazio-iturri gisa erabiltzea ere, objektuak diseinatzean edo bai instalazio artistikoetan.
Eguna: Azaroaren 19an
Ordua: 19:00etan
Lekua: Portaleko areto nagusia
Hizkuntza: Gazteleraz
Sarrera doan

