Eibar gailendu egiten da mende berrian sartzean (1900-1936)

Aretoa mende honetako lehenengo urteetako gertaerarik adierazgarrienen inguruan dago antolatuta: Armeria Eskola eta bertako ikasleak, Eibarko etorkizuneko enpresariak izango zirenak; Alfa eta kooperatiben sorrera; probatokia (armak probatzeko bankua) eta entsegu-zaldia, Eibar armagintzaren hiriburu gisa behin betiko sendotu zuena.
Garai honetan bata bestearen atzetik izan ziren krisialdiak eta indarraldiak. 1920an armagintzak pairatu zuen krisiak irtenbideak bilatzera behartu zuen hiria. Eta konponbidea produktuak dibertsifikatzearen bidetik etorri zen: bizikleta, josteko makina, kortxoak kentzekoa, grapagailua eta abar dira armagintzako ekoizleen hobetu nahiaren ikur berriak.
Gerra Zibilak zapuztu zuen garai hau. Eibar ia erabat suntsituta eta erraustuta utzi zuten bonbardaketek eta suteek. Gerrari buruzko irudi errealez osatutako proiekzio batek banatzen du gune hau.