Gerra Zibila 1936-1939
Arma fabrika batzuk, STAR, Bonifacio Echeverría, ASTRA, Unceta y Compañía eta LLAMA, Gabilondo y Cía modukoak, errebolberren, Tipo Eibar pistolen eta Beistegui Hermanos-eko MM31 moduko pistola metrailadoreen enpresa txikiagoekin batera, euren produkzioarekin jarraitu zuten euren sorlekuetan, Errepublikako Gobernuaren gerra beharrei egokituz. Azken horiek, ASTRA firmako metrailadore modeloekin batera, oso preziatuak ziren Euzkadiko Ejerzitoaren borrokalarientzat.
Beste batzuk, Markinako (Bizkaia) Esperanza y Cía fabrika adibidez, Deriora joan zen, ustez leku seguruagoa zelako.
Ezin dugu ahaztu Errusia, Frantzia, Mexiko, Txekoslovakia, Polonia etabarretik Euzkadira heldu zen armamentu kopuru aipagarria, eta mota guztietakoak;Gerra Handian izandako soberakin militarretik eta Paraguay eta Boliviaren arteko Chacoko Gerra (1932-1935) moduko sasoi hartan sortutako gerretik zetozen hondakinetik hasi, eta une hartan modernoena zen armamentuarekin amaitzeko.
Bilboren erorketak, 1937ko ekainean, euskal armagintzaren industria Nazionalen esku laga zuen.
Ebakuatu ahal izan zuten pertsonal teknikoa Errepublikaren Gobernuak Valentziako probintzian antolatu ziren armamentu fabriketan erabili zuten. Alberiquen, Erma MP35 Alemaniako subfusilaren kopia bat fabrikatu zen, 9 x 19mm. parabellum kalibrearekin, eta herritarren artean Naranjero modura ezagutzen zena; Algineten, Astra 1921, 400 Mod., pistolaren kopia errepublikarra fabrikatzen zen, Modelo R.E., República Española modura ezagutua; eta, Buñolen, Maxim motako metrailadoreak fabrikatzen zituzten eta beste batzuk blindatutako ibilgailuei egokitzen ziren, Maxim Tokarevak kasu.
Fabrika horietan guztietan hartu zuten parte aktiboki euskal langileek, horietako asko oso aintzat hartu ziren Armeria Eskolan eskuratutako ezagutzengatik.
1936ko abuztuaren 7an, Catalunyako Generalitateak Comissió D´Industries de Guerra sortu zuen, Kataluniako industria material militarraren produkziora egokitzeko Josep Tarradellasi bururatutako planari jarraituz. 1938ko urtarrilean Tallers del Parc Mobil de la Generalitat sortu ziren eta bertan fabrikatzen zen Isard pistola erdiautomatikoa, 9 mm. luze kalibrean, eta Terrassan Astra 1921, 400 Mod-aren kopia bat egiten zen, F. Ascaso modura markatua. Gironan, Oloteko Fabrica nº 15 deitutakoan, Labora subfusila fabrikatzen zen, 9 mm. luze kalibrean.
Armada Nazionalak, Hitlerren Alemaniaren eta Mussoliniren Italiaren laguntza militarra (airekoa zein lurrekoa) jasotzeaz gain, hasieratik izan zuen Oviedoko Arma-Fabrika, 1936tik 1938ra Coruñara partzialki lekualdatu zena,eta non fabrika berri bat ezarri baitzen. Oviedo Nazionalen esku geratu zenean, lantegi biek batera lan egin zuten.