Lo que fue bosque un día, rebaño o mineral, gusano o planta, será unido por ALFA

Murtziar margolari, eszenografo eta figuringileak horma-irudi hau Alfa eraikinaren bulegoen harrera-lekuan margotu zuen 1959. urtean, “Marmolejo” izenez ezaguna zen eraikinaren inaugurazio unean, hain zuzen ere. Lana bertan egon zen 2004. urtera arte. Data horretan eraikina eraitsi zuten, eta Viudesen lana Armagintza Museoaren harrera-lekuan jarri zuten. Hasierako eraikinean paretean egindako margolan akrilikoa zen, eta gaur egungo kokalekuan erauzi eta ondoren metalezko euskarrian jarritako lana dugu ikusgai.
Tamaina handiko lana da ( 516 x 228,50 cm). Bertan Viudesek lehengaiak nola eraldatzen diren aurkezten digu. Horma-irudia sei eszenatan banatzen da, zeinetan hainbat lanen adibideak azaltzen diren: egurrarekin egindakoak, meatzaritza-lanak, kotoi-bilketa, abelazkuntza, zetaren prozesua edo jantzigintza. Eszenen atzeko aldean industria irudikatzen da, baita itsasontziak ere, garraio- eta banaketa-bide gisa.
Alfa 1920. urtean jaio zen proiektu kooperatibista bezela (Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego). Bost urte geroago, armagintzan gertatutako krisiaren ondorioz, josteko makinak egiten hasi ziren. 1932. urtean armagintza alde batera utzi eta 1940. urtean Máquinas de Coser Alfa S.A. izatera pasatu zen. 1953. urtetik aurrera garapen handiko garaia bizi izan zuen Alfak. Momentu hartan Alfa Eraikina egin zuten Eibarren, eta bertan Vicente Viudesen gaur eskeintzen dizuegun hilabeteko pieza eder hau jarri zuten.
Margolan hori protagonista izango da irailaren 26an, urriaren 3an eta 17an, larunbatetan, enpresaren mendeurrena dela-eta antolatu den Alfa 1920-2020 erakusketaren testuinguruan egingo den tailerrean. Erakusketa irailaren 25etik urriaren 25era bisitatu ahal izango da Portaleko Erakusketa Aretoan.