Emakumezkoen GAC bizikleta

XX. mende erdikaldea. Hileko pieza
Martxoaren 8ko Emakumearen Eguna aldarrikatzeko hilabete honetako pieza emakumezkoen GAC markako bizikleta aukeratu dugu, XX. mendearen erdialdekoa.
Card image cap

Txirrinduen fabrikazioa eta txirrindularitza oso errotuta daude Eibarko historian. Industria horren sustraiak, nola ez, armagintzan daude. XX. mende hasierako arma-fabrikazioaren krisiaren ondorioz armaginek makina zaharrak moldatu eta bizikletak egiteari ekin zioten. Arlo horretan Orbea, GAC eta BH izan ziren nagusi; alabaina, ezin ditugu ahaztu lan handia egin zuten hainbat tailer txiki ere, hala nola, Nicolas Arregui, Zeus, Cil, Gamma, Abelux, eta Echasa-Fenix.

Eibarko txirrindularitzaren urrezko aroa 1952tik 1974ra izan zen non txirrindulari apartak egon ziren, esate baterako, Cándido Arrizabalaga "Apotxiano", José Mardaras Nazabal, Andrés Arriaga "Basarri" eta Félix Gojenola. Hala ere, oraingoan azpimarratu nahi duguna María Magunacelaya da, sasoi hartan hainbat lasterketa irabazi zituen emakume txirrindularirik onenetarikoa.

Magunacelaya Ermuan jaio zen 1904 urtean eta aitak Maoma ezizena zuelako jarri zioten berari ezizen bera. Gaztetatik hasi zen lanean, aitarekin batera kartutxoak egiten; baita bizikletan ibiltzen ere, 1925 urte inguruan, bere anaiari GACa kenduta. Garai hartan txirrinduan emakume gutxi ibiltzen zela-eta jendearen irainak jasan behar izan zituen. Gerra Zibilaren ondoren, txirrindularitza utzi eta motorrean ibiltzen hasi zen; Lambretta gainean ikustea ohikoa zen. Emakume ausart hau 2000 urtean hil zen, eta errautsak Arraten zabaldu ziren.

Txirrindularitzaz gain, emakumeen lana bizikletagintzan ere aipagarria da. Beste lanbide batzuen artean zeuden bizikleta-muntatzaileak, fileteadorak (bizikleten pinturaz eta akaberaz arduratzen zirenak) eta enbalatzaileak. XX. mendearen erdialdeko erroldaren arabera langileen %6 ziren emakumeak nahiz eta errealitatean portzentajea handiagoa izan. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak nabarmenak ziren: eskubideak, soldata, baimenak, kategoria...

Izan ere, aipagarria da GAC aitzindari izan zela emakumeak lanerako kontratatzen 1925. urtean. 1892an Garate familiak sortutakoa, hasiera batean, Eibarko tailer gehienak bezala armagintzari ekin zion, bereziki pistola automatikoak, errebolberrak, errifleak eta eskopetak egiten. 1897an GAC 32 langileko tailerra izatetik fabrika izatera pasatu zen. Lehenengo Mundu Gerra bukatu zenean, beste produktu eta merkatu batzuk bilatu behar izan zuten eta 1927an armagintzarekin batera bizikletak ekoizten hasi ziren. Horretarako, bizikleten hodiak egiteko armen kanoiak egiteko erabiltzen ziren makinak birmoldatzea besterik ez zuten. 1930erako bizikletak bakarrik egiten zituzten.

Hilabete honetarako aukeratu dugun bizikletak emakumezkoen koadroa du, granatea da eta koadroan eta lohi-babesetan lerro zuriak dauzka margotuta. GACren armarria zelaren azpiko hodi bertikalean ikus daiteke eta eskulekuaren azpiko hodian, berriz, enpresaren identifikazio-txapa. Gainera, garai hartan egiten ziren emakumeentzako txirrinduen beste ezaugarrietako bat zen atzeko gurpilean daraman saretxoa, "guardafaldas" zeritzona, gonak eta soinekoak erruberan ez trabatzeko apropos jarritakoa.