El Casco: M-15 grapagailua eta M-200 zulatzailea
Mahai-gaineko grapagailuak oin luzea eta muturrean pultsadorea du; horren bitartez grapatzeko mekanismoari eragiten zaio. Besoko presioa egiteko sistema oso praktikoa da, eta malgukiaren bitartez grapak banaka irtenarazten ditu. Oinean mekanismo-aukeratzailea dauka, grapa nola itxi aukeratzeko. Zulatzailearen kasuan, ezaugarri nagusiak forma eta eraginkortasuna dira. Palanka itxurako pultsadorea oinaren kontra sakatuz gero, edozein motatako papera zulatzeko gai da. Gainera, forma borobila du, eskuarekin kontaktua errazteko. Oina, ordea, errektangeluarra da, zuzena aurrealdean eta borobilduta atzealdean, palankaren forma jarraituz.
Haustapenean armak egiten zituztelako, El Cascoren piezak eta mekanismoak oso zehatzak dira. Era berean, idazmahaietarako objektu guztiak altzairuzkoak dira, sendoak eta iraunkorrak, eta fabrikazio mekanikoan honako prozesu hauek jarraitzen dituzte: otxabuketa, fresaketa, artezketa eta torneatua. Ondoren, txartatu egiten dira, hau da, gutxienez, eskuz, hiru aldiz leuntzen dira objektuak. Azkenik, kobre, nikel eta kromo bainua ematen zaie. Aintzat hartu behar da piezak doitzeko ez dela soldadurarik erabiltzen; horregatik, bulegorako tresna horiek guztiz desmuntatu daitezke. Bizitza osoa irauteko egiten dira.
Enpresa Orbeako bi langilek sortu zuten, Juan Solozabal Mendivek eta Juan Olave Bilbaok, 1920eko irailaren 7an. Armagintzan zuten ezaguera aprobetxatzeko kalitate handiko errebolberrak egiten hasi ziren; alabaina, 1935. urterako idazmahaietarako objektuak egiten ari ziren: M-5 grapagailua eta M-500 kontagailu automatikoa, hain zuzen ere. Izandako arrakastaren ondorioz laster erabaki zuten ekoizpena dibertsifikatzea; horrela, arkatz-zorrozkailuak, zulatzaileak, etab. egiten hasi ziren, betiere, haien xede nagusia izanik objektuen fidagarritasun mekanikoa. Haien ustetan, "una grapa debería de desfilar por la grapadora con la misma precisión que una bala por el cañón de un revólver".
Gerra Zibileko bonbardaketen ondorioz enpresa txikituta geratu zen, eta 1940an eraikin berrira, Blas Etxeberria kaleko 3. zenbakira joan ziren. Handik gutxira eta 70ko hamarkadara arte, merkatuko liderrak izan ziren. Oraindik gaur egun ere, 40 herrialde baino gehiagotan saltzen dituzte El Cascoren objektuak, eta, batez ere, maila handiko eta luxuzko paper dendetan aurki daitezke.
2010etik enpresa Elgetan dago, eta fabrikazio-prozesuak hobetu diren arren, fidagarritasun mekanikoa eta estetika hobesten jarraitzen dute.