Lambretta ziklomotorrerako Zenith karburagailua
Hori dela eta, Eibarren ekoiztutako Lambretta ziklomotorrerako Zenith 20 MX karburagailua aukeratu dugu hilabeteko pieza gisa; izan ere, pieza gakoa da XX. mendeko Eibarko bi enpresa handiren ikurra baita: Carbureibar S. A. eta Lambretta Locomociones S. A. 1958. urtean sortutako Zenith karburagailua Lambretta -60ko hamarkadaren Eibarko izarra- markako lehen ziklomotor modeloetarako egin zen.
Karburagailua, XIX. mendearen erdialdean asmatua, eztanda-motorra osatzen duen piezetako bat da eta bere funtzioa da motorreko errekuntza-ganberan sartu baino lehen airea eta erregaia neurri egokian nahastea. 80ko hamarkadan, goi zilindradadun ibilgailuak eta gasolina-injektoreak agertzean sistema honek garrantzia galdu zuen pixkanaka. Gaur egun, karburagailuak edo eztanda-motorrak injekzio-sistema berrien aldean zaharkituta daude eta ia-ia ez dira erabiltzen. Egia esan, injekzio-sistema berriek abantaila inportanteak eskaintzen dituzte potentziari, kontsumoari, segurtasunari eta gas kutsatzaileei dagokienez. Hala ere, hainbat adituren ustez -nostalgiko samarrak, agian- eztanda motorrak berreskuratu egingo omen dira aurrerakuntza eta ikerketa berriak direla-eta, eta mikrozirkuituen erabileraren ondorioz.
Nolanahi ere, une honetan, ez Carbureibarrek ezta Lambrettak ere, biak ala biak gure industria-iraganeko enpresa titanikoak, ezin izango dute ikerketa industrialeko prozesu berri hauetan parte hartu.
1957an eta 1952an sortuak, hurrenez hurren, enpresa biek automobilgintzan garatu zuten euren industria-jarduera, lehenengo urteetan atzerriko ekoizpen-lizentziapean, baina aurrerago euren produktuak ekoiztuta. Izan ere, Carbureibar S.A., esaterako, Frantziako Zenith lizentziapean hasi zen karburagailuak egiten nahiz eta denborarekin bere karburagailuak ekoiztuko zituen motozikloetarako, automobiletarako eta motokultorretarako; baita freno-ekipamenduetarako huts-bonbak eta erregaizko bonba mekanikoak ere. 1971n enpresa Abadiñora eraman zen eta 1991n Pierburg taldean integratu zen. Gaur egun, Kolbenschmidt Pierburg AG. taldeko partaide da eta hainbat osagai fabrikatzen ditu automobilgintzarako, hala emisio kutsatzaileak murriztera bideratutakoak, nola aire-elikatze eta freno-sistemei begirakoak. Beste behin, paregabeko enpresak ditugu, garai hartako merkatuaren egoera berrira egokituta, gure industriaren berrikuntza, aniztasuna eta hazkundea ahalbideratu zituztenak.
Motorgintza interesatzen bazaizue eta gure historia industriala ezagutzeko jakin-mina baduzue, etorri zalantzarik gabe, gure museoko erakusketa interesgarri honetara.