Alfako esku-liburuak, estatutuak eta memoriak

XX. mende erdikaldea. Hileko pieza
Otsaileko Hilabeteko Pieza zuentzat bereziki aukeratutako Alfako liburuxka sorta bat da. Dokumentu hauei esker jakin dezakegu 40. hamarkadatik 60. hamarkadara lan-baldintzak nolakoak ziren eta bertako langileek zituzten eskubideak, pribilegioak eta betebeharrak. Baina joan gaitezen hasierara, noiz eta zergatik sortu zen Alfa? Hona hemen lantegiaren historia laburra.
Card image cap

1920an armagintza arloko langile talde bat batu eta kooperatiba sortu zuten, "Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego Alfa" izenekoa, 300.000 pezetako kapitalarekin. Lehenengo tailerra Vista Alegre kalean egon zen eta hasieran Smith & Wesson, "esmitzak" motako errebolberrak egiten hasi baziren ere I. Mundu Gerrako gertakizunek bultzatuta, 1925an jada, josteko makinak egiteko eta saltzeko erabakia hartu zuten. Josteko makinen aldeko apustua ez zen kapritxo hutsa izan: lehendik zituzten makinekin eta beharginek egiten zekizkiten lanekin bateragarria zen. Ordurako Alfa lekuz aldatuta zegoen: San Andres pasealekuan.

1927an 1.750 josteko makina egin zituzten; 1935ean berriz 12.000. Espainian produktu honen fabrikazioan aitzindari izatera iritsi ziren; eta beharginak eta banatzaileak barne, Alfari esker, 1.000 familiatik gora bizi ziren.

36-37ko gerra ondoren fabrika zeharo txikituta geratu zen baina Banco San Sebastianen laguntzari esker berpiztu zuten 1940. urtean "Máquinas de Coser Alfa, S.A." izenarekin. Ordutik aurrera, enpresak gora egin zuen nabarmen, produkzioa etengabe ugaldu zen eta eraikina bera ere handitzen joan zen.

1946an atzerrira saltzen hasi ziren eta 60. hamarkadarako bere merkatu-sarea ere bazuen: hiriburu guztietan zituzten salmentarako sukurtsalak, ordezkaritzak eta agentziak eta 70 herrialde baino gehiagotara esportatzen zuten, bereziki Ingalaterrara, Frantziara eta Mexikora. Azken honetan fabrika bat ere izan zuten.

Eibarko fabrikarik handiena izateaz gain, izen eta osperik handiena zuena ere izan zen. Hamarkada askotan ez zuen ahaztu bere izaera, alegia, sortzaileek eman zioten kooperatiba eta gizartearentzako izateko izaera. Alfako beharginek, aukeratutako liburuxka hauetan agertzen den bezala, beste edozein fabrika edo tailerretakoek baino abantaila gehiago zituzten: langileentzako laguntza atala zabala zen eta besteak beste erretirorako, gaixoaldietarako, alargunentzako eta botikak erosteko diru laguntzak zituzten. Gainera, bertan lan egiten zutenentzako etxebizitzak eraiki zituzten, seme-alabentzako eskolak eta udalekuak sortu zituzten eta beharginentzako jangelak, ekonomatoa eta liburutegia ipini zituzten.

Publikazio hauetan irakurri daitezkeen bitxikerien artean honako hauek azpimarratu ditugu:

  • Gaixoaldi-baja hartzerakoan jarraitu beharreko oharrak (edo aginduak).
  • Mediku-espezializatuen zerrendan "Dermatología" azaleko gaixotasunak tratatzeko zerbitzua dela argitzen du; eta "Endocrinología" zerbitzua "Nutrición y Secreciones-Internas" deitzen zen. Bestalde, Alfako langileen umeentzako pediatria-zerbitzua zegoen Generalísimo etorbidean.
  • Gaixoaldi-baja eskatuz gero, lantegiko beharginek gehienez 6 hilabetez soldataren %37a kobratzeko eskubidea zuten baina kobratu ahal izateko, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar zituzten: ezin ziren janaria eta edaria saltzen zuten leku publikoetan sartu eta udan etxean egon behar ziren gabeko bederatzietarako. Neguan ordea arratsaldeko seiretarako.
  • Ezkontzagatik eta jaiotako ume bakoitzagatik 500 pezetako (3€) diru-laguntza jasotzen zuen langileak edo langilearen emazteak. Bestalde, langilea hiltzen bazen alargunari edo seme-alabei gehienez 1.000 pezeta (6€) ematen zieten baina hilero pentsioa kobratzeko eskubidea zuten, betiere seme-alaba kopuruaren arabera (5 edo gehiagorekin soldataren %90 ematen zieten).
  • 20 urtez lan egin ondoren erretiratuz gero pentsioa soldataren %70koa zen. 35 urtetara iristen zirenak ordea, %85a kobratzen zuten.
  • Beharginentzako liburutegia goizeko 6:30etik arratsaldeko 19:30etara egoten zen zabalik. Hartzen zen liburu bakoitzeko 0,50 pezeta (0,003€) ordaindu behar zen eta emandako agiria galduz gero 2 pezetako (0,012€) isuna ezartzen zen. Langileak aisialdirako liburua hartzen bazuen lanerako beste irakurgai bat eskuratzeko aukera zuen baina aisialdirako bi liburua aldi berean ez.

Liburuxkak ikusgai hemen

Ez galdu museoko bildumaren zatitxo hauek aurrez aurre ezagutzeko aukera paregabea!