Esperientzia gastronomikoa museoan
Ekaina osoan zehar esperientzia gastronomiko ezberdinak izango dira Debabarrenean, eskualdeko Produktu Klubeko hainbat kiderekin elkarlanean. Esperientzia hauek publiko zabalari zuzenduta daude. Sukaldaritza gustuko izatea izango da bertan parte hartzeko baldintza bakarra.
Lehendabiziko ekimena ekainaren 5ean burutuko da, 19:30ean, Eibarko Armagintza Museoan. Bertako gastronomia tradizionala eta sukaldaritzako teknika aurreratuenak uztartuko dituen esperientzia gastronomikoa izango da. Ekimena museoan bertan burutuko da. Partaideek iraganera egingo dute bidaia, Eibarko eta Debabarreneko historia industrialean barrena. Betiko produktuak teknologia berriak aplikatuz izenburupean, Oscar Treviño sukaldari eibartarra arduratuko da esperientziaz.
Hasteko, esperientziaren aurkezpen labur bat egingo da museoko sarrera gelan. Handik, dibertsifikazio gunera abiatuko dira hara hurbildutakoak, bertako produktuak dastatzeko burbuil edo ponpa originalekin lagunduta. Beranduago, motor gunean parada egiteko aukera izango da. Bertan ere, eskualdeko produktuak eskainiko dira. Ondoren, XXI. mendeko gunea ezagutu ahal izango dute parte hartzaileek. Hemen ere, betiko produktuak dastatuko dituzte bisitariek izotz lehorra metodoarekin. Amaitzeko, museo kanpoko terrazan ardo eta pintxo ezberdinekin egindako maridajea eskainiko da. Tailerrean parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dira.
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, Debegesara deituz (943-82 01 10).
Guztietan parte hartzeko baldintza bakarra sukaldaritza gustuko izatea da. Debegesa garapen agentziak Debabarreneko klub gastronomikoarekin batera sustatutako esperientziak dira hauek.