ARMAGINTZAREN MUSEOA protagonista nagusi Badajozen antolatuko den XXI FECIEX 2011 azokaren aurkezpenean

2011/08/30
FECIEX 2011 web gunera joan
Card image cap

Germán López Iglesias jaunak, alkateorde eta IFEBA azokako ordezkari denak, eta Pepa Dueñas andreak , FECIEX Iberiar Ehiza, Arrantza eta Naturari buruzko azokaren zuzendari denak, aurkeztu zuten azokaren hogeita batgarren edizioa. Irailaren 15etik 18ra bitartean ateak zabalik edukiko dituen azokak 160.000 euroko aurrekontua du aurtengoan. Azoka horretan 100 erakusketari inguru izango dira aurten. Eta azokarekin batera, 1.000 metro karratu hartzen dituen erakusketa tematiko handi bat antolatzen da urtero. Edizio honetako protagonista nagusia ARMAGINTZAREN MUSEOA izango da. Bildumako piezarik esanguratsuenak eramango dira erakusketa erakargarri bat antolatu ahal izateko, eta bertara gerturatzen diren bisitariei armagintzan betidanik tradizio handia izan duen herri honen industria-ondarea eta oroimen historikoa erakusteko helburuarekin. Aurkezpenean azokaren ibilbide luzea azpimarratu zen, 20 edizio baino gehiago egin baitira, eta azoka dinamizateko asmoz antolatzen diren gainerako ekitaldi guztien garrantzia ere aipatu zuten. “EIBARKO ARMAGINTZAREN MUSEOKO BILDUMA. EIBARKO INDUSTRIAREN 600 URTE” deituko den erakusketa tematikoa armagintzaren bilakaera teknologiko eta historikoari buruz arituko da. Antzinako eta gaur egungo 100 armatik gora utziko ditu museoak eta hauekin batera bertako lanabesak, argazkiak, dokumentuak, garai bateko grabatuak, ikus-entzunezkoak, eta abar egongo dira egun horietan ikusgai. Eibarko Udalaren eta Armagintzaren Museoaren lankidetzari esker antolatu ahal izan du FECIEXek erakusketa hau.