Ruben Dariori omenaldia, dantza latindarrak eta ate irekiak museoaren laugarren urteurrena ospatzeko

2011/01/10
Urtarrilaren 18an Eibarko Armagintzaren Museoak bere laugarren urteurrena ospatuko du, Ruben Dario poeta nikaraguarraren jaiotzaren 144. urteurrenarekin batera.
Card image cap

Aurten, Armagintzaren Museoak, bere laugarren urteurrenean, Latinoamerikari keinu bat egin nahi izan dio. Horretarako, eta Ruben Dario poetaren jaiotzaren 144 urteurrena ere ospatzen dela kontutan izanik, urtarrilaren 16an, igandean, omenaldi bat eskainiko zaio.

Felix Ruben Garcia Sarmiento (Metapa-Nicaragua-, 1867/01/18), Ruben Dario goitizenarekin ezaguna, Modernismo literarioaren sortzailea izan zen gaztelaniaz. Olerki ederrak, landuak, musikalak eta soinudunak idatzi zituen eta bere obrak hainbat eta hainbat idazlerengan eragin handia izan zuen. Pertsona egonezina eta aseezina izan zen, plazer gose, minaren eta heriotzaren beldur, dirua barra-barra gastatzetik zuhurkeriaz jokatzera eta baikortasunetik ezkortasunera errez pasatzen zena, droga, emakume eta alkohol artean etsita, bizitzan ere poesian aurkitzen zuen originaltasunaren bila ibiliko balitz bezala. Bere obra esanguratsuenen artean Prosas Profanas y Otros Poemas (1896) eta Azul… (1888) ditugu.

Ruben Darioren olerkiak irakurri eta gero, LACASIUN Eibarko Emakume Latindarren Elkarteak, dantza erakustaldia emango du. Eskainiko diren dantzak Moliendo Café kolonbiarra, Guayaquileño de Madera Guerrero ekuatoriarra eta La Dama Antoñana balsa izango dira. Azken hau, Darioren Etcétera, etcétera… olerkia irakurtzen den bitartean dantzatuko da.

Ospakizun honekin Museoak latindar komunitatera gerturatu nahi du, eta, aldi berean, Eibarko industriaren garapenerako Amerikarekin izandako merkataritza-harremanen garrantzia gogorarazi. Kontuan edukitzekoa da Latinoamerikako hainbat hiri eibartarrek sortu zituztela. Horien artean, Kolonbiako Medellin, Miguel de Aguinaga eta Mendigoitiak (Eibar, 1634) sortua, eta Mexikoko Zacatecas, beste batzuen artean Diego de Ibarrak (Eibar, 1520/1521) sortua.

Udalak hiritar guztiak gonbidatu nahi ditu doan izango den ekintza honetara. Ospakizuna urtarrilaren 16an, igandean, izango da 11:30etatik aurrera, Armagintzaren Museoan (Portaleko bosgarren pisuan). Bestalde, urteurrenaren egunean, urtarrilaren 18an, asteartea, Museoa 10:00etatik 13:00etara irekita egongo da eta sarrera doan izango da.