Mahai ingurua eta ate irekiak Armagintzaren Museoaren hirugarren urteurrenean

2010/01/14
Urtarrilaren 18an “Eibartar armaginak Gernikan: 1913” gaiari buruzko mahai ingurua izango da Armagintzaren Museoaren hirugarren urteurrena ospatzeko.

Museoaren hirugarren urteurrena dela eta, Museoa irekita egongo da urtarrilaren 18an, astelehena, 16:00etatik 20:00etara, eta sarrera dohainik izango da. Bestalde, 19:00etan mahai inguru bat burutuko da “Eibartar armaginak Gernikan: 1913” izenburupean Portaleko Areto Nagusian. Antxon Narbaiza, Igor Goñi eta Angel Etxaniz izango dira solaskideak, eta Nerea Alustiza moderatzailea. Gernikara heldu ziren eibartar armaginak, Astra, Unceta y Cía lantegikoak izan ziren. Lantegi horrek Juan Esperanza Salvador armagin mekanikari adituak eta Pedro Unceta arma muntatzaile eta esportatzaileak 1903an Eibarren fundatu zuten Esperanza y Unceta izeneko enpresan dauka jatorria. Industria establezimendu hori Victoria ereduko pistolak egiten espezializatu zen. Etorkizunerako zituzten planak betetzeko instalazio egokirik aurkitzen ez zutenez, Eibarko langileen sindikatuek ekoizpen antolaketan zuten kontrola saihestu nahi zutenez eta Eibarko merkatua aseta zegoenez enpresariek lantegia lekuz aldatzea erabaki zuten. Hala, lurrak erosteko eta pabilioi berria eraikitzeko Gernika-Lumoko Udalak eskainitako 42.000 pezetako diru-laguntzari esker Bizkaiko udalerri horretara joan ziren. Bertan Canpogiro izeneko pistola sortu zuten, 1921a arte espainiar ejertzitoaren arauzko arma izan zena. Une hartan ekoizten hasi zen Astra nº 1921 pistola, Astra 400 bezala ere ezaguna. Lehiaketa baten ostean, hori ere erregularki erabili zuen ejertzitoak, eta beste herri askok ere eskatu zuten. Gernika-Lumoko industrializazioa ez zen eztabaida eta gatazkarik gabe gertatu. 1913an abiaturik, industrializazioak aldeko eta kontrako iritziak sustatu zituen herrian bertan, "Esperanza y Unceta" pistolak egiten zituen enpresa Eibartik Foru Hiri horretara aldatu zutenean, fabrikako langile eta familiekin batera. Behargin haien ideologia sozietario eta sozialistak, haien aktibismo sindikalak eta lan erreibindikazioek zirrara handia eragin zuten. Bertan finkatu eta gutxira eginiko grebarako deialdiak, haren iraupenak eta gatazkak inarrosi egin zuten behin betiko tokiko bizimolde lasaia.

Nerea Alustiza, Eibarko Armagintzaren Museoaren Zinegotzi Ordezkariak, moderatuko du Antxon Narbaiza, Igor Goñi eta Angel Etxanizek osaturiko mahai ingurua.

Antxon Narbaiza Azkue (Eibar, 1948), Euskal Filologian doktore, irakasle eta idazle euskalzalea da. Liburu eta argitalpen garrantzitsuak idatzi ditu, gehienak Eibarko hiriari buruzkoak. Horietariko bat “Akilino Amuategi (1877-1919) XX. mende hasierako mitinlari sozialista euskalduna” liburua da “Eibarko koadernoak” sailaren barruan Udaleko Ego Ibarra Batzordeak argitaratua. Enrike Izagirre eta Miriam Lizarralderekin batera “Eibarko Idazlien eta Idazlanen Antologixia” idatzi zuen. Hainbat idazle eibartarren bizitza eta lanaz dihardu liburuak: Romualdo Galdós, Toribio Etxebarria, Antonio Iturriotz Urizar y Juan San Martini buruz, besteak beste. Eibarren erabilitako gaitzizen eta ezizenei buruzko lan bat ere argitaratu du. “Los Aguirre de Eibar: tres siglos de medicina” liburuan Vicente Aguirre eta bere semea zen Ciriaco Aguirre medikuek eibartarren ongizatea zaintzen burutu zuten lan apartari buruz dihardu.

Irakasle lanetan ere aritu da Eibarko Hezkuntza Esparruan, eta azken urteotan bertako zuzendaria izan da.

Igor Goñi, Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia Zientzietan lizentziatua, 2000 urtetik aurrera Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeen sailean irakasle elkartua da. Bere ikerketa lana XX. mendeko Euskal Herriko Armagintzaren azterketan oinarrituta dago, eta horri buruz ari da bere doktorego tesia lantzen.

Liejako Amagintzaren Museo Lagunen Elkarteko buletinean (2003) eta Uztaro (2005) aldizkarian zenbait artikulu argitaratu ditu; “Cien empresarios vascos del siglo XX” (2004) liburuan ere parte hartu du.

Jose Angel Etxaniz Ortuñez “Txato” historialaria da eta ia 20 urte eman ditu Gernikako bonbardaketa aztertzen. GernikaZarra Historia Taldeko kide ere bada. 1985. urtean sortu zen taldea Gernika-Lumoren oroimena eta historia berreskuratzeko helburuarekin. Jakina denez, udalarri horrek 1937ko apirilaren 26an, bonbardaketak eragindako triskantza eta sutearen ondorioz, bere oroimen pertsonala, idatzizkoa eta grafikoak galdu zuen. Taldeak egin duen lanaren emaitza hainbat erakusketa eta argitalpenetan irudikatu da. Azken urteotan, GHTak aholkularitza zerbitzua eskaintzen die, tokiko historia kontuetan, zenbait pertsona partikular, erakunde eta entitate ofizialei. Halaber, Urdaibaiko Biosfera Babesgunearen Patronatoko Lankidetza Batzordeko kidea da eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea. Hiru aditu horiek izango dira “Eibartar armaginak Gernikan: 1913” gaiaz arituko direnak urtarrilaren 18an.