Abenduaren 17an Armagintzaren Museoan dagoen bezalako Helmholtz organo baten soinuaz gozatzeko aukera izango dugu

2009/12/14
Amañako Pedro Celaya Kultura Batzordeak urtero antolatzen duen Helmholtz Areto organoaren kontzertuaren XIII. saioa abenduaren 17an izango da, Eibarko Koliseoan, 20:30ean

Museoan dagoen organoak jatorrizko itxura eta egitura mantentzen duen bitartean, kontzertuan erabilitakoak Helmholtz baten makineria osoa dauka, Hammond altzari baten barruan. Berezitasun horregatik, organo hau HELMHOLTZ-HAMMOND organo misto bakarra da munduan. Horrela, Pedro Celaya Kultura Batzordeak, Eibarkoen eta Hammond amerrikarren artean dagoen bateragarritasun teknikoa agerian utzi nahi du.

Herman Von Helmholtz (1821-1894) fisikariak oinarrizko seinale sinusoidalen sintesiaren bidez musika-tonu konplexuak lortu zituen eta horren omenez, 60. hamarkadan organo horiek egin zituen Eibarko enpresak HELMHOLTZ izena hartu zuen. 1.933. urtean Laurens Hammond bere organoen egituran fisikariaren metodoa erabili zuen. D. José Luis Elorza Chinchurreta-k eta D. José eta D. Jesús Ibaceta Arrate anaiak, beranduago, mundu osoan ezagunak ziren HAMMOND organoetan oinarrituz, Chicagoko lantegian egiten zen CV modeloa kopiatu eta tresna berdin-berdin bat egitea lortu zuten, HELMHOLTZ ORGANOA, CHURCH modeloa deitu zutelarik. Horrelakoa da Museoan ikusi daitekeena eta kontzertuan entzungo duguna.

Bitxikeria moduan, Hammond Organ etxeko buruzagi nagusiak 1961 urtean Eibarko lantegira egin zuen bisita aipatu behar. Bertan egindako organoen doitasuna ikusita, horrelako organorik ezin zitekeela munduan beste inon egin egiaztatu zuen, AEBetako bere lantegian izan ezik. Hori dela eta, Eibarren egindako organo bat berehala bere Chicagoko egoitzara bidaltzeko agindu zuen.

Organo honek daukan konplexutasun teknikoagatik Eibarko enpresa ugarik hartu behar izan zuten parte bere eraikuntzan. Erabilitako materialeak kalitate handikoak dira, eta baita bere barne osaketaren doitasuna ere. Maisulan honek organoa desfinatzea saihesten du. Bere mekanismoa, bakarra munduan, Hammond-eko ingeniari batek diseinatua da. Hortik dator “Hammond soinua” izena. Mekanismoaren ezinbesteko zatiak metal preziatuak dira, eta horiek ziurtasun handiko kontaktu elektrikoak bermatzen ditu, behar-beharrezkoak oso maila baxuko soinu seinaleak tratatu eta ondoren anplifikatzeko.

Hain zuzen ere, aipaturiko kontzertuak 1997 urtean hasi ziren, jendeari Eibarren

egindako organo batek daukan maila teknikoa ezagutarazteko helburuaz. Edizio honetakoa 20:30ean hasiko da Coliseoan datorren ostegunean, abenduak 17, eta Juan Luis Aguirre organo-jotzailea, Iñaki Orbegozoren tronpa eta “Eibarko koro gaztea”k hartuko dute parte bertan. Hiru zati izango ditu kontzertuak, eta era askotako piezak entzuteko aukera izango dugu: besteak beste, Su Ta Gar taldeak edo Michael Jacksonek sortutakoak, Mozart edo Strauss-enak eta Gardel eta Zuloagak egindakoak. Aniztasun bikaina benetan, inor hotz utziko ez duena.