Pieza berria Armagintzaren Museoan

2009/12/10
Eibarko Txirrindulari Elkarteak 40ko hamarkadan egindako “Echasa” markako bizikleta bat eman dio dohaintzan Museoari.

Urte askoko Eibarko Txirrindulari Elkarte historikoari esker Armagintzaren Museoak pieza berri bat dauka bere bilduman: 40ko hamarkadan egindako “Echasa” markako lasterketako bizikleta bat, elkarteak bere ate aurrean aurkitutakoa. Bizikletak Eibarko historian izan duen garrantzia kirol arloak bizikletagintzarekin beti izandako loturan datza. 1924. urtean Eibarko Klub Deportiboa sortzeak eta 1926.ean Eibarko Txirrindulari Elkartea osatzeak sekulako garrantzia izan zuen kirolean eta txirrindularitzan. Garai hartako "Club Ciclista Eibarrés - GAC" elkartearen lan nagusia txirrindulari taldeak eratzea izan zen, herriko txirrindulariekin edo ingurukoekin taldeak martxan jartzea. Geroxeago, 1931. urtean, Eibarko "Unión Deportiva"-rekin batera, lasterketa antolamendu-lanetan hasi zen. Eibarko Klub handi biak elkartzeak eta gero ETBren esku hartze erabakiorrak, gaur egun "Euskal Bizikleta"z gozatzeko aukera ematen digu, historikoak diren bi lasterketa handi batzearen emaitza: "Eibarko Bizikleta-Bicicleta Eibarresa" eta "Subida Arrate-Igoera", aurrena Klub Ziklistaren magalean sortua, hurrena, Klub Deportiboarenean. Bizikleta fabriken sustraiak armagintzakoak dira. Izan ere, besteak beste, arma-salmenta debekatzeak armagintzan sortutako gora-beherak zirela-eta, arma-fabrikek bide berriak bilatu behar izan zituzten bizimodua aurrera ateratzeko. Horrek ekoizpen jarduera horren sakabanatzea ekarri zuen produktuak dibertsifikatzearen bidetik, eta bizikletagintzarekin hasi ziren beste hainbat ekoizkinen artean. Garai haietako lantegi garrantzitsuenen artean, “Echave, Arizmendi y Cía” dago, egun museoaren ondasunen parte den bizikletaren egilea. Nahiz eta Echaveren tailerra 1914 baino lehenagokoa izan, urte horretan “José Echave y Cía” izen sozialarekin agertzen zen, eta 1918an “Echave y Arizmendi” izenarekin agertzen da, armei osoki zuzendutako produkzioarekin. Gerra Zibilaren ostean, “Echave y Arizmendi”k arma industriari uko egin eta bizikleten eta metalezko altzairuen produkzioari ekin zion, marka desberdinak erabiliz, horien artean STARK (1933) eta FENIX (1941); geroago, 1940ko hamarkadaren erdialdean, ECHASA behin-betiko izena hartu zuen. 1959an sozietate anonimo bilakatu zen “ECHASA, Echave eta Arizmendi, S.A.” izenarekin, eta eskopeten eta pistola automatikoen produkzioari ekin zion berriro. Museoaren bizikleta berriaren koadroak “diamante” forma dauka. Eskuz margotuta dago eta hariztaketa dauka. Fabrikatzailearen entseina dituzten eranskailuak ditu eta serie-zenbakia dauka grabatuta. Transmizioak plater bakarra dauka eta atzeko gurpil-abatzan, bi aldeetan, pinoiak ditu. Nabarmentzekoa da, garai hartako bizikleten ezaugarri bezala, ardatzen artean daukan distantzia handia eta pedalier kaxaren koipeztagailua. Berritze-lan handia egin ondoren, erakusketa gunean daukagu orain ikusgai.