Armagintzaren Museoak harrera ezin hobea
Urtea bukatu baino bi hilabete lehenago, Museoak ia bikoiztua du 2008ko bisitari kopurua. Hain zuzen ere, maiatzean bertan, Ate Irekien jardunaldiak antolatu ziren hilabetean, 2.300 lagun baino gehiago hartu zituen Museoak. Benetan adierazgarria da, beraz, ekimenak izandako arrakasta.
Datu horiek kontuan hartuta 2010ean bisitaldi kopuruak, seguruenik, gora egingo du; are gehiago, turismo arloa pairatzen ari den krisia nahiz Portalean,Museoa kokatuta dagoen eraikinean, egiten diharduten lanak direla-eta, baldintzak ez direla egokienak izan kontuan hartzen baldin badugu.
Maiatzaz gain bisitari gehien izan duen hilabetea apirila izan da; atzerritar kopuru handiena ere orduan izan du Museoak. Azpimarratzekoa da opor garaian, abuztuan bereziki eta udarako hilabeteetan orokorrean, bertaratu den jende kopurua, nahiz eta eibartarrek kanpora joateko ohitura izan. Bestalde, estatuko beste erkidegoetako bisitariak abuztuan ibili dira gehien.
Urtearen lehenengo 10 hilabeteetan Museora bertaratu direnen artean banakako bisitak %85 izan dira. Gainerakoak, (%15a) taldean bertaratu dira aldez aurretiko zita hartuta. Otsaila, martxoa eta abuztua izan ezik, gainerako hilabeteetan banakakoak taldekoak baino gehiago izan dira.
Bisitarien jatorriari dagokionez %39 eibartarra izan da, eta % 22 EAEko herrietatik etorritakoa. Azpimarratzekoa da Estatuko beste erkidegoetatik bertaratutako lagun kopurua, %34, ia bertakoak beste. Erkidego guztietatik etorri dira, baina batik bat Madrildik, gero Gaztela eta Leondik eta, azkenik, Valentziatik.
Gainerako %5a Estatu Batuetatik, Alemania, Frantzia, Portugal, Paraguai, Mexiko, Argentina, Hungaria, Txina, Txile, Norvegia, Finlandia, Suedia, Nigeria, India, Belgika eta Ukrainatik etorritako bisitariek osatzen dute.
Museoko bisita liburuan emandako iritzien arabera, bertaratuak oso gustura geratu dira bisitaldiekin. Asko izan dira Eibarko ekoizpen anitza dela-eta txundituta geratu direnak, armez gain bestelako produktu ugari ikusteko aukera izan baitute bertan: bizikletak, motorrak, etxetresna elektriko txikiak, idazmahairako materiala...
Azkenik, aipatzekoa da Museora hurbildu diren eibartar askok azaldu duten nostalgia eta harrotasuna.