MAIATZAK 18 MUSEOEN NAZIOARTEKO EGUNA
Maiatzaren 18an Nazioarteko Museoen Eguna dela-eta Armagintzaren Museoak ate irekien eguna antolatu du. Sarrera doan izango da bisitari guztientzat. Egun horretan Museoa arratsaldeko ohiko ordutegian zabaltzeaz gain, goizean 10:00etatik 13:00etara ere zabalik egongo da.
Bertaratzen direnek armak dekoratzeko erabiltzen diren zenbait grabatu teknika ezagutzeko aukera izango dute, hiru maisu grabatzailek jendaurrean egingo duten erakustaldiaren bidez.
Erakustaldia goizeko 10,30etatik eguerdiko 12,30etara izango da, eta bertan izango ditugun adituak honako hauek izango dira: Vicente Alberdi, eskuaide teknika erabiliz; Pedro Azpiazu, xixelaz eta mailuaz, eta Asun Nogués, damaskinatuaz.
Bestalde, egun horretan jarduera berri bat jarriko dugu martxan Museoan: 6-9 urte bitarteko umeak dituzten familiei zuzendutako tailer pedagogikoa. Pista bidezko jolas baten bidez, gurasoak eta seme-alabak aretoz areto ibiliko dira Museoan eta pieza bereziak aztertuko dituzte elkarrekin. Gero jarduera pedagogikoaren arloan, gurasoen laguntzaz, umeek ehizarako eskopeten pletinak dekoratzeko eredu berriak sortu eta diseinatuko dituzte.
Jarduera hori burutu nahi duten familiek maiatzaren 18an ezezik urte honetako gainerako zapatu eta igandeetan ere izango dute horretarako aukera.