GAC patinetea

80. hamarkada pieza_type_2
Gurpil-ohola, patinetea, skateboard, skate, monopatina... iraileko hilabeteko pieza hainbat izenez ezagutzen den ibilgailu edo jostailua da, gaur egun oso modakoa gazte eta ez hain gazteen artean. Ba al zenekien atzeko aldeari tail (buztana) eta aurreko aldeari nose (sudurra) deitzen zaiela?
Card image cap

Taulaz eta binaka jarritako lau gurpilez osatzen den ibilgailu hau Mickey Muñoz eta Phil Edwards surflariek asmatu zuten 1963an Malibun, Kalifornian. Haien asmoa zen lurrean ere surf egitea, eta horretarako patinete bati gurpilak kendu eta egurrezko taula bati ipini zizkioten. Asmakizun berriari Surf Roll deitu zioten. 60ko hamarkadan gurpil-oholek kautxuzko gurpilak zituzten eta ez ziren lurrera ondo atxikitzen; ondorioz, sarritan gertatzen ziren talkak eta istripuak. 70eko hamarkadan, berriz, fabrikatzaileak uretanezko gurpilak erabiltzen hasi ziren, botadun patineteak erabiltzen zituztenak bezalakoak.

Skateboard baten zatiak honako hauek dira:

• Ohola: hainbat forma eta tamaina izan ditzake, famatuenak haritz egurrezkoak diren arren. Oholaren gainean lixa dago, taula gainean ondo eusten laguntzen duena.

• Ardatzak: gurpilak eusten dituztenak.

• Oinarria: normalean ardatzen material eta kolore berekoak, gurpilak taulari lotzeko.

• Gurpilak: gustuen eta eman nahi zaion erabileraren arabera, hainbat material eta tamainakoak izan daitezke.

• Horietaz gain: jasotzaileak, torlojuak eta errodamenduak edukitzen dituzte.

Jose Luis Valenciagak museoari dohaintzan emandako patinetea GACek 80ko hamarkadan egindako MobyBoard modeloa da. Egurrezkoa eta naranja da, eta koloretako gurpil bigunak eta ardatz estuak ditu. Pieza bitxia dela iruditzen zaigu, hain zuzen ere 90eko hamarkadara arte GAC bizikletak eta motozikletak egitearren izan baitzen batez ere ezaguna. Modelo honetaz gain beira-zuntzezko beste hiru modelo egin zituen GACek, guztiak "toro" izeneko ardatz zabalekin: bat gorria eta bestea naranja, biak gurpil urdinekin; eta brillantina zuen patinete urdina, koloretako gurpilekin.

Nostalgikoa bazara, eta oroimina baduzu, ez galdu pieza zoragarri hau museoko harreran ikusteko aukera. Edo zergatik ez, partekatu zure umetako edo gaztetako bizipenak gure sare-sozialetan.