Txispadunak eta kolpekariak (XIX)
Ekimen pribatua gremioen sistema barruan
Areto honetan, txispa edo sugiltza duten armak eta kolpekariak dira erakusten direnak, eta sasoi hartako arma motzak eta luzeak ikus ditzakegu. Azpimarratzekoa da Oviedon Doiztua armagin eibartarrak egindako zizpoleta, XVIII. mendearen amaiera aldean frantsesak sartu zirenean eskualdeko armaginak Asturias aldera joan zirenaren seinale. Beste batzuen artean, Ramón Zuloaga, José Aguirre, Ignacio Bustindui, Astiazaran, Garate bezalako armaginek egindakoak ditugu begi aurrean. Pieza horiek XIX. mendearen aurreneko hiru hamarraldietako armagintzaren ikuspegia damaiguten elementuekin lagunduta daude.
XIX. mendea aldaketa handien mendea izan zen: teknologia berrien mendea. Industrializazioaren lehenengo pausuak orduan eman ziren; gremioen sistema gainbehera zihoan eta armagintza ere ezin zitekeen geratu aldaketa horietatik kanpo.
Txispak edo su-gilzdunek iraun egin zuten harik eta 1820. urtearen inguruan ingelesek pistoia asmatu eta katuaren erabilera nagusitu zen arte.
Sistema berriak zituen alde onak ikusita, txispako armen produkzioa bazterreratu egin zen, baina ez zen horretan bakarrik geratu: antzinako arma haiek, su-gilzdunak edo txispadunak sistema berrira egokitu eta izen eta ospe handiko arkabuzdunek egindako kainoi zahar asko izan ziren sistema berriaz aprobetxatu zirenak. Txispa ateratzeko sistemaren ordez pistoikoa edo katuduna erabiltzen hasi zenean, arma-diseinuaren bilakabide teknologikoan sekulako aurrerapausoa eman zen; eta segidan etorri ziren asmakizun berriak, esate baterako kanoia erreiatzea edo kanoiari kanalak ateratzea.
Areto honek bitrina handi bi ditu: bata, Eibarren bertan egindako armak erakusten dituena. Azpimarratzekoa da Galbasoro armaginak egindako zizpoleta katuduna zuen ehiza-aiztoa edo erregearen alkabuzgileak, Eusebio Zuloagak, egindako zizpoleta parea.
Aldi berean, areto horretan, abankargazko txispa edo sugiltzaren sistemari buruzko animazio infografikoak ikusiko dira; sugiltz sistema guztien ingurukoa: nola egiten ziren, nola funtzionatzen zuten.