Txispadunak eta kolpekariak (XIX)

Ekimen pribatua gremioen sistemaren barruan
Areto honetan, txispa edo su-giltza duten armak eta kolpekariak erakusten dira; sasoi hartako arma motzak eta luzeak ikus ditzakegu. Azpimarratzekoa da Oviedon Doiztua armagin eibartarrak egindako zizpoleta, XVIII. mendearen amaiera aldean, frantsesak sartu zirenean, eskualdeko armaginak Asturias aldera joan ziren seinale. Besteak beste, Ramón Zuloagak, José Aguirrek, Ignacio Bustinduik, Astiazarane, Garatek eta beste armagin batzuek egindakoak ditugu ikusgai. Pieza horiek XIX. mendearen aurreneko hiru hamarraldietako armagintzaren ikuspegia ematen diguten elementuz lagunduta daude.
XIX. mendea aldaketa handien mendea izan zen: teknologia berrien mendea. Industrializazioaren lehenengo urratsak orduan egin ziren; gremioen sistema gainbehera zihoan, eta armagintza ere ezin zitekeen geratu aldaketa horietatik kanpo.
Txispak edo su-giltzak iraun egin zuen, harik eta 1820. urtearen inguruan ingelesek pistoia asmatu eta katuaren erabilera nagusitu zen arte.
Sistema berriak zituen alde onak ikusita, txispako armen produkzioa baztertu egin zen, eta antzinako arma haiek sistema berrira egokitu, eta ospe handiko arkabuzdunek egindako kanoi zahar asko aprobetxatu ziren. Txispa sistemaren ordez pistoikoa edo katuduna erabiltzen hasi zenean, arma-diseinuaren bilakabide teknologikoan sekulako aurrerapausoa egin zen; eta segidan etorri ziren asmakizun berriak, esate baterako, kanoia erreiatzea.
Areto honek bitrina handi bi ditu: bata, Eibarren bertan egindako armak erakusten dituena. Azpimarratzekoa da Galbasoro armaginak egindako zizpoleta katuduna zuen ehiza-aiztoa, edo erregearen alkabuzgileak, Eusebio Zuloagak, egindako zizpoleta parea.
Aldi berean, areto honetan, abankargazko txispa edo su-giltzaren sistemari buruzko animazio infografikoak ikusiko dira, su-giltz sistema guztien ingurukoa: nola egiten ziren eta nola funtzionatzen zuten.