Eibar, lantegi hiria

Aurrerapen eta berrikuntza teknikoengatik (XIX. mende bukaeran egin eta XX. mendean finkatu ziren arma erdiautomatikoak) eta Espainiako Patentei buruzko Legeak ekarritako baldintza onengatik (patentatutako produktuaren babesa bermatzen zuen hiru urtetarako, baita haren disposizioa baimendu ere, epe horretan fabrikatu ezean), euskal armaginek erabaki zuten arrakasta komertziala zuten atzerriko armak imitatzea.
XX. mendearen hasieran euskal armagintzaren ezaugarri nagusienetako bat arma motzen ekoizpen handia zen. Azken karlistada amaitu zenean, euskal armagintzak estatuko hornitzaile izateari utzi zion. Merkatu horren faltan, Eibarko armaginak erabilera militarrerako armak egitetik -merkatuan irteerarik ez zutenak- merkatu zabalerako armak egitera pasa ziren, alegia, ehizakoak eta defentsa pertsonalerako esmitzak eta pistolak. Horietako batzuk areto honetan daude, dokumentuekin, marrazkiekin eta ehiza-eskopeten kartutxoak husteko sistema hobetzeko deskribapena ematen duen txosten batekin.
Eibarko armaginek atzerriko armen modeloak eta patenteak garatu zituzten, eta horietako asko hobetu eta egokitu ere bai. Horren erakusgarri ditugu areto honetan aurkezten diren batzuk, esate baterako Victoria izenekoa, Eibar motako lehen pistola (Browning patentearekin FNk egin zituen lehenengo modeloetan oinarritutako arma soila). Eibarrek erabili zuen estrategiaren beste adibide bat Mauser pistola erdiautomatikoa da: pistola hartu, sistema hobetu eta sistema automatikoa ezarri zioten.
Industriaren puntu gorenak hainbat krisialdirekin tartekatu ziren. Adibidez, 1914ko udan, Lehen Mundu Gerraren hasieran, armagin industria guztiz geldiarazi zen, Espainiako Gobernuak agindutako armen esportazioaren debekuarengatik eta kredituak emateari eta kanbio-letrak deskontatzearen inguruan bankuek emandako ezezkoarengatik.
Industria sustatzeko herriko armaginek egindako ahaleginetako batzuk dira Armeria Eskolaren sorrera (1912), Su-Armen Probetako Bankua eta baita Armagin Elkartea ere.
1915. urtean, Gerra bete-betean, Eibarko armagintza inoiz lortutako produkzioa maila gorenera heldu zen. Errebolberrak eta pistola erdiautomatikoak oso eraginkorrak izan ziren Lubakietako gerran, horregatik, tropak horiekin hornitzen hasi ziren.
Eibarrek errebolber asko fabrikatu zituen eskaera hari erantzuteko eta Armada Aliatua hornitzailea izan zen. Arma horiek "Tipo Eibar" edo "Ruby" izenez ezagutzen ziren.
1.446.589 unitate fabrikatu ziren.