Museoko ertz zorrotzak. Museoko arma zuriak
Euskal armagintza ezaguna da suzko armen ekoizpenagatik, baina arma zuriak ere ekoitzi ziren, nahiz eta lehenengoak bezain ospetsuak ez izan. 1914ko ekainaren 24an Eibarko Armeria Museoa, gaur egungo Armagintzaren Museoaren oinarria, inauguratu zenean, baziren arma zuri horietako batzuk haren funtsen artean.
Oraingo honetan, arma zuriak museoko biltegietatik atera dira aldi baterako erakusketa batean ikusgai egoteko.
Pieza guztietatik batek bakarrik du Eibarko zigilua estanpatuta, baina horrek ez du esan nahi inguru honetan egiten ziren armak gutxi zirela. Hori dela eta, Eibarren egindako pieza batzuk lokalizatu dira Euskal Herriko beste bilduma batzuetan, Arabako Arma Museoan eta San Telmo Museoan, hain zuzen ere. Horrek aukera ematen du hemengo tailerretatik ateratako armamentuaren ikuspegi osoagoa eskaintzeko.
Erakusketa honen harira, maiatzaren 18an, 12:00etan, esgrima historikoaren erakustaldi bat izango dugu museoan bertan, arma, sable eta baioneten erreplikekin, erakusketako parte direnak, Gasteizko CSE Esgrima Klubeko eta Donostiako Ignota Arma Aretoko kideei esker.
Iker Alejok eta Francisco Peña Castresanak komisariatu dute erakusketa. Jose Maria Pelaéz Valleren laguntza ere izan dugu.
Sarrera doan.