ALFA 1920 2020
1920. urtea urte zaila izan zen hiri armaginarentzat. Lehen Mundu Gerraren amaierak eskarien erorketa bortitza ekarri zuen, biltegiak stockez beteta zeudela. Urte horretan bertan, gobernuak, pistolerismoaren areagotzeaz eta atentatu anarkistek zekarten arriskuaz kezkaturik, lege berriak ezarri zituen, armen salerosketa eta jabetza mugatzen zituztenak.
Krisialdiak, ezegonkortasuna eta grebak izan ziren urte osoan zehar, eta, ondorioz, Eibarko armaginek beren burua berrasmatu behar izan zuten, eta, aldi berean, beren teknologia- eta enpresa-ezagutzak negozio eta ekimen berrietan aplikatu behar izan zituzten.
1920ko urriaren 28an, greba luze baten ondoren, Orbea Hermanos enpresako sei langile ohik Espainiako lehen kooperatibetako bat sortu zuten, "Alfa su-armak ekoizteko Kooperatiba Sozietate Anonimoa", 300.000 pezetako kapital soziala zuena.
Ehun urte baino gehiago igaro dira egokitzapenak egin eta produktu berriak etengabe bilatzen, errebolberretik josteko makinara eta josteko makinatik nekazaritzako makinetara, ziklomotorrera, artera, aeronautikara...
Bere sorreraren mendeurrena ospatzeko eta bere ondarea zabaltzeko, Armagintzaren Museoak ALFA 1920-2020 erakusketa aurkezten du Portaleko erakusketa aretoan. Kooperatibismoaren ezarpenean aitzindari izan den eta Eibar eta Euskal Herria gainditzen dituen enpresa baten historia eta bilakaera gogoratzeko erakusketa.
Erakusketa honen bidez, Alfaren bilakaeraren haria jarraituko dugu, enpresa-talde handi bihurtu eta gaur egunera iritsi arte. Enpresaren ñabardura asko ezagutuko ditugu. Eibarko bizimoduaren eragile sozial eta ekonomikoa izan da, eta 1.600 langile baino gehiago izatera iritsi zen bere merkataritza-antolaketarekin. Mundu zabalean ezaguna den josteko makina produktu enblematikoa zuen
Erakusketa irailaren 25etik urriaren 25era bisitatu ahal izango da Portaleko erakusketa aretoan, asteartetik igandera 18:30etik 20:30era.