Zeus 102 katalogoa
Zeus Industrial S.A. konpainia 1926an sortu zuen Nicolas Arreguik, bere tailer mekanikoan bizikleta-muntaiaren industriak eskatutako piezak eta ordezkoak fabrikatzen hasi zenean. Hasiera batean, elementurik sinpleenak – ardatzak eta torlojuak – izan ziren industria sustatzea ahalbidetu zutenak. Ondoren, produktu-gama zabaltzen hasi zen osagai osoak, koadroak eta bizikleta bukatuak ekoiztuz. Esperientzia horri eta bizikletari buruzko ezagutza espezifikoei esker, paralelogramo artikulatuaren mekanismoan oinarritutako lehen martxa-aldaketa sortu eta garatu zuen. 70eko hamarkadan, bere goi mailako multzoa garatu zuen, 2000 seriea eta bere aleazioak, eta 1972an Bruselako Aretoan ezagutarazi zen “altzairuzko gurpil librea”.
Bere tailerrak Eibarren egon ziren, Isasi kalean eta Txontan. Geroago, 70eko hamarkadan, fabrika handitu egin zuten lantegi berri bat irekita Abadiñoko Matiena auzoan. Enpresa 1988-89 inguruan itxi zen, eta une horretan Orbeak Zeus markaren eskubideak erosi zituen. Langile kopurua 200era iritsi zen.
Kirol-txirrindularitzarentzako bakarrik lan egiten zuten - lehiaketa nahiz zikloturismoa. Bere goreneko aldian, Zeusek garaipen nabarmen batzuk lortu zituen: Errepideko Munduko Txapelketa Harm Ottenbros-ekin, zeinak Julien Stevens Belgikako txapeldunari azken esprinta zentimetro gutxi batzuengatik irabazi zion 1969an; Munduko Eliteko Ziklo-kroseko Txapelketa, Eric de Vlaemeinck-ekin, eta World Cyclo amateur-Cross Championa, Michel Pelchat-ekin.
Katalogoarekin batera, museoak dituen Zeus bizikleten osagaietako batzuk ikusgai daude: balazta, balazta-heldulekua, pedala, bieladun-platera eta abatza.
Enpresa honen markak greziar mitologiako jainkoari egiten dio erreferentzia: Zeus jainkoari. Jainkotasun honi jainkoen eta gizakien aita deitzen zaio, Olinpoa gobernatzen du eta unibertsoa gainbegiratzen du. Zeruaren eta trumoiaren jainkoa ere bada. Artista grekoek eskuarki zutik irudikatzen zuten, eskuineko eskuan tximista bat zuela. Hain zuzen ere, Zeus enpresaren logoan tximista baten irudikapena eta berrinterpretazioa ikusten dugu.