12 kalibreko Star eskopeta paraleloa Lucas Alberdik damaskinatuta
Lucas Alberdi Aranzabal (Eibar, 1906-1993) artista damaskinatzaileak oparo damaskinatu zituen haren pletina eta kanoiak 1983an, eskopetak berak dakarren sinaduran ikus daitekeenez. Lucas Alberdi margolaria eta damaskinatugintza-irakaslea ere izan zen. Oso goiz hasi zen lanbidean, 14 urterekin, Julian Larreategiren ikastun gisa. Agustin Larrañaga maisu damaskinatzailearengandik ere ikasi zuen, eta Jacinto Olabek marrazketa-eskolak eman zizkion. Zizelkatzaile- eta trokelista-lanak ere egin zituen urregintza eta zilargintzarako, eta aldaketak txertatu zituen damaskinatugintzan, pieza berean brontzea eta pintura konbinatuta. 32 urtez Marrazketa Akademiako buru izan zen eta 30 urtez Damaskinatugintza Eskolako buru.
Eskopeta honetan, Lucas Alberdik hainbat animalia grabatu zituen (ahateak, untxiak, txakurrak, lehoiak), baita ehizako motibo interesgarriak eta greziar mitologiako Artemisa edo erromatar mitologiako Diana jainkosa ere. Biak ala biak ziren animalia basatien, ehizaren eta naturaren jainkosak. Eskopetaren identifikazioa ere damaskinatuta dago: Star. Bonifacio Echeverría SA
Gogora dezagun damaskinatugintza dekorazio-teknika bat dela, metal preziatuak burdinaren eta altzairuaren gainean txertatzean datzana. Eibarren garrantzi handia izan zuen jarduera artistikoa izan zen; izan ere, armak, pitxarrak, paparrekoak, zigarro-kaxak eta abar apaintzeko erabiltzen zen, oro har “Eibarko objektu” izenez ezagutzen ziren gauzak.
Eibarko damaskinatugintzaren historia 1865ean hasi zen, Eusebio Zuloagarekin, hark berrasmatu baitzuen teknika ataujiaren printzipioetan oinarrituta. Eusebiok metalezko gainazal baten gainean urrezko hariz marrazteko modua ikertu eta garatu zuen pikatze erronboidalari esker, eta damaskinatu deitu zion, beste hitzik ezean, Damaskoko antzinako armaduren apaingarriekin zuen antzekotasunagatik. Aitak hasitako prozesuarekin jarraituz, Placido Zuloagak teknika hobetu ez ezik, erabat berritu zuen, eta kalitate eta meritu artistiko handiko lana sortu zuen.
Gaur egun museoan ikus dezakegun pieza hau aldi baterako erakusketa garrantzitsuen parte izan da, hala nola: Armerixa 90, Eibarren, Eibarko I. Nazioarteko Arma Azoka, 1990ean, eta IXA 91 azoka Nurenbergen, Alemanian.
Eskopeta hau sortu zuen STAR, Bonifacio Echeverría SA enpresa arma motzen ekoizpenari lotu zitzaion batez ere. 1908an sortu zen eta 1997ko maiatzaren 27an itxi. Itxi ondoren, STAReko langileen zati txiki batek Iparguns izeneko pistolak konpontzeko enpresa sortu zuen; egoitza Eibarren zuen eta 2012ra arte egon zen martxan.
Lehenago, XIX. mendearen amaieran, José Cruz Echeverriak, Julián eta Bonifacio Echeverriaren aitak, aurrekargako armak egiteko tailer bat izan zuen. Bi semeek armak egiten jarraitu zuten, eta Julianek pistola automatikoko sistema bat patentatu zuen, 1905. urte inguruan fabrikatzen hasi zena. 1919an hasi ziren Star izen komertziala erabiltzen eta Izarra eta Estrella markak ere erregistratu zituzten.