Pio Zulaika armaginaren laneko mantala

1920ko hamarkada Hileko pieza
Card image cap

 

Hil honetan pieza berezi eta aparteko hau ekarri nahi dizuegu. Museoan gordetzen diren ehunezko objektu historiko bakanetakoa da. Industrian laneko arropa (buzoak, prakak eta mahoizko jakak) estandarizatu gabe zegoenean, ohikoak ziren langileen eguneroko arropa babesten zuten mantal hauek.

43 cm x 113 cm-ko neurria duen kotoizko mantal hau makinaz josita dago, eta eskuz errematatuta. Gorputz-enborra estaltzen duten hainbat piezaz osatuta dago, eta solte erortzen da hanken altueraraino. Eskumuturrik gabeko mahuka motzak ditu, lepo borobila eta sorbaldetarainoko irekidurak alde banatan, bi botoirekin itxita, baita kanezua eta alboetan irekiguneak ere, eskuak poltsikoetan sartzeko. Aurrealdean adabaki handi bat du.

2021ean zaharberritu da, kontserbazio-egoera txarrean zegoelako: pasaratuak, adabakiak, orbanak, koloregabetutako guneak, jositakoak, urratuak, hutsarteak eta hezetasun-orbanak. Hori guztia saihestezina da, bestalde, lanean egunero erabiltzeko pieza baita. Zaharberritzean, ahalik eta esku-hartze txikiena egitea erabaki zen, bai eta jatorrizko obra ahalik eta gehien errespetatzea ere, ikuspuntu material, estetiko eta historikotik. Azken helburua izan da ehunei beren trinkotasuna eta galdutako izaera ematea, jatorrizko ehunaren kontserbazioa lehenetsiz eta narriadura-prozesua geldiarazten saiatuz.

Pio Zulaica Unamuno izan zen paregabeko industria-ondare honen jabea. Eibarren jaio zen 1873an, eta 1950ean hil zen. Haren anaiak Toribio, Lucas —Donostian finkatu zen grabatzaile damaskinatzailea— eta Marcelo izan ziren. Armeria Eskolan doikuntza irakaslea izan zen, eta 1910 eta 1918 bitartean hainbat asmakuntza-patente erregistratu zituen. Patente haietako lehena Royal Novelty izeneko hainbat kalibre eta tamainatako errepikapen automatikoko pistola bati dagokio. Patente hura haren anaia Marcelok erabili zuen, aurretik Royal marka erregistratu baitzuen 1909an eta Novelty 1910ean.

 

pagina mundo gráfico.jpg