Zorrotzaile lanerako egokitutako Orbea bizikleta

Hileko pieza
Abenduan, hondo gorri eta beltzeko zilarrezko aurreko txapan irakur daitekeen moduan, Eibarko Ciclos Orbeak 40ko hamarkadan diseinatu eta fabrikatutako bizikleta zaharberritua aurkeztuko dizuegu. Alabaina, garraio pertsonalerako ibilgailua izateaz gain, zorrotzaile lana egiteko eraldatutako bizikleta ere bada.
Card image cap

Bizikleta

Abenduan, hondo gorri eta beltzeko zilarrezko aurreko txapan irakur daitekeen moduan, Eibarko Ciclos Orbeak 40ko hamarkadan diseinatu eta fabrikatutako bizikleta zaharberritua aurkeztuko dizuegu. Alabaina, garraio pertsonalerako ibilgailua izateaz gain, zorrotzaile lana egiteko eraldatutako bizikleta ere bada.


Bizikletak burdinazko koadro originala du, barra altua, hagaxkako balaztak fabrikatzailearen bereizgarri direnak eta malgukizko larruzko aulkitxoa. 700 x 35C-ko (28" hazbeteko) gurpilak ditu, lohi-babesak bi gurpiletan eta atzeko bizikleta-parrilla. Eskulekua zuzena da, eta plastikozko jatorrizko zorroak ditu; aurreko faroak bakelitazko etengailua du eta dinamoa aurrealdean, energia mekanikoa elektriko bihurtzeko. Jatorriz urdina zen eta apaingarri gorriak zituen, baina, geroago, kolore marroiz birmargotu zuten, baita gurpil-erradioak, puzgailua eta argiaren tulipa ere.

 

Zorrotzailea

Lan-makina gisa egokitzeko, zorrotzaileak "T" formako barra bertikal bat soldatu zion jatorrizko koadroari, alde bakoitzean diametro desberdineko zorroztarriak eta erdian ingude txiki bat zituena. Gainera, atzeko gurpilaren hagunera polea moduko bat akoplatu zuen, pinoien kontrako aldetik, atzeko gurpilaren mugimendu birakaria bi zorroztarriei eusten dien ardatz horizontalera transmititzeko gomazko uhal baten bidez. Azkenik, atzeko parrillan metalezko kaxa bat finkatu zuen, erremintak gordetzeko (aliketak, mailua, sokak...), eta hari bidoi-euskarria soldatu zion atzealdetik.


Martxan jartzeko, nahikoa zen bizikleta hanka edo euskarriaren gainean jarri eta zelan eserita pedalei eragitea. Atzeko gurpila lurretik jaso ondoren, pedalek plateraren, pinoiaren eta katearen bidez gurpilari transmititzen zioten mugimendua esmerilaren ardatzera transmititzen zen uhalaren bidez, abiadura angeluarra hainbat aldiz biderkatuz diametro-diferentziagatik.

 

Zorrotzailea edo "zorroztaillea" merkatari ibiltaria zen, tradizionalki galiziarra, ourensearra, eta aiztoak, guraizeak, aihotzak, aizkorak eta ebakitzeko beste tresna batzuk zorrozteko zerbitzuak eskaintzen zituen. Ezpel-egurrez eta gero plastikoz egindako txilibitu batek, bere melodia laburrarekin, zorrotzailea bertan zela ohartarazteko balio zuen: "tiruriii-tirururuli!... zorrotzailea! Ohiko esaera da zorrotzaileek euria dakartela: "Zorroztaillia etorri dok, eurixa!".


Hasieran, zorrotzaileak bizkarrean eramaten zuen zorroztarria, eta, gero, pirritan, eskorga moduko batean. XX. mendean zehar, ekipo modernoago batek ordezkatu zuen, eta lehenik bizikletan eramaten zen, gero motozikletan, eta azkenaldian furgonetan. Hala ere, XXI. mendean barneratuta eta "erabili eta botatzeko" kulturan ezarrita, ez da oso ohikoa zorrotzailearen irudia gure kaleetan ikustea, are gutxiago 40ko hamarkadan Orbean egindako bizikleta batean.

 

Orbea enpresa

XIX. mendearen erdialdean, Orbea Murua familiak enpresa-jarduerari ekin zion, su-armen eta kartutxoen fabrikatzaile gisa, eta 1840an Orbea Hermanos jaio zen. Arrakasta handiz Lehen Mundu Gerrara arte, ondorengo krisiak gainbeheran sartu zituen, eta hortik trantsizio zuhur batek salbatu zituen: beren makinak egokitu zituzten eskopeta-hodien ordez bizikleta-koadroak sortzeko. Horrela, 1926an, dibertsifikatzea erabaki zuen eta sozietatea bi entitatetan banatu zen: Orbea y Cía. SA Eibarren geratu eta bizikletak fabrikatzera bideratu zen; Hijos de Orbea, berriz, Gasteizen instalatu zen eta kartutxoak ekoizten jarraitu zuen. Gaur egun, Orbea, Mallabiko udalerrian kokatuta, ospe handiko marka da txirrindularitza munduan.