Olave, Solozabal y Cía errebolberrak

1920. urtean Orbea enpresako bi langilek, Juan Solozabal Mendivek eta Juan Olave Bilbaok, Olave, Solozabal SRC enpresa sortu zuten. Momentu hartan, Orbeak suzko armak egiten zituen, eta enpresa berriaren helburua errebolberrak egitea zen. Egin zituzten lehenengo produktuak hiru markarekin merkaturatu ziren: Duque, El Casco eta Tejón. Arma hauek egin ahal izateko beharrezkoa zen ezagutza zabalak eta askotariko makinak izatea. 1936. urteko Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Condor Legioak Eibar bonbardatu zuen, bertan armak egiten zirelako, eta enpresa suntsitu zuten. Gerra amaitu zenean, 1940. urtean, fabrika berria eraiki zuten Eibarren, eta 70eko hamarkadara arte merkatuko buru izaten jarraitu zuten. Hortik aurrera, bi arlotara bideratu zuten lana: batetik, ezaugarri on eta prezio baxuko bulegorako produktuak, Guillermo Caspdevilak diseinatuak eta, bestetik, paper-dendetarako eta oparirako gama altuko artikulak. Gaur egun, El Cascoren produktuak berrogei herrialde baino gehiagotan saltzen dira.
Hilabete honetako piezan hiru errebolber aurkezten ditugu (Duque, El Casco eta Tejón) Olave, Solozabal SRCk sortutako kalitate handiko arma adibide gisa.
Lehenik eta behin, XX. mendeko 20ko hamarkadan egindako “El Casco” errebolber kulunkaria daukagu, “Smith & Wesson” motakoa, “Military & Police” modelokoa, 38 Smith & Wesson Long kalibrea duena. Tiro-sistema sinplea du, akzio bikoitzekoa, kanpoko mailu kolpekariarekin. Hustuta, 825 gramoko pisua du, eta, guztira, 255 milimetroko luzera; kanoiak 125 mm-koak dira. Kirten-azalak intxaurrondo-egurrez eginda daude, eta torloju baten bidez daude lotuta.
Bestalde, “Duque” errebolber kulunkaria daukagu, XX. mendeko 20ko hamarkadan egindako arma, “Smith & Wesson” motakoa, “Military & Police” modelokoa, eta 38 Smith & Wesson Long kalibrea duena. Tiro-sistema sinplea du, akzio bikoitzekoa, kanpoko mailu kolpekariarekin. Hustuta, 825 gramoko pisua du, eta, guztira, 255 milimetroko luzera; kanoiak 125 mm-koak dira. Kirten-azalak beltz koloreko gutapertxazkoak dira. Duque hitza irakur daiteke koroaren azpian, eta torloju baten bidez daude lotuta.
Azkenik, XX. mendeko 20ko hamarkadan egindako “Tejón” izeneko errebolber kulunkaria daukagu, “Smith & Wesson” motakoa, “Military & Police” modelokoa, 32 Smith & Wesson Long kalibrea duena. Tiro-sistema sinplea du, akzio bikoitzekoa, kanpoko mailu kolpekariarekin. Hustuta, 460 gramoko pisua du, eta, guztira, 170 milimetroko luzera; kanoiak 60 mm-koak dira. Kirten-azalak intxaurrondo-egurrez eginda daude, eta torloju batekin daude lotuta.