Museoko lisaburdinak
Lehenengoa Alfa Microfusionek 1980an egindako burdinazko lisagailua da. Data hau duela gutxikoa da, eta ordurako lisaburdin mota horiek gaindituta zeuden. Agian, galdaketa-proba bat izango zen.
Bigarrena Eibarko SOLAC markako lisaburdin elektrikoa da, 619 424009 modeloa, beroa erregulatzeko termostatoa duena, ehunen kalitatearen arabera: haria, kotoia, artilea, rayona. Enpresa honek, 1916tik jardunean zebilenak, oso ezagun egin zuen lelo bat zuen: egiten duguna, ondo egiten dugu.
SOLAC-Solaun, Rubio y Ormaechea enpresa Txontan zegoen kokatuta. 1916an merkaturatu zuen bere lehen produktua, kafe-makina industriala. Plantxak ere egiten zituen garai hartan, profesionalak nahiz etxean erabiltzekoak. 1935ean, etxean erabiltzeko lehen kafe-makina merkaturatu zuen. 1945ean, plantxa elektrikoaren txanda izan zen, eta 50eko hamarkadan, berriz, txigorgailuena.
2000.urtean, enpresak akordio bat sinatu zuen Cegasa taldearekin, hark bere produktuak merkatura zitzan. Azkenean, 2005ean, enpresa Cegasa taldeko kide bihurtu zen. 2014ko uztailean, Cegasa taldearen ordainketa-etenduraren ondoren, Taurus taldeak erosi zuen.
Hirugarrena 70eko hamarkadako lurrunezko lisaburdin elektrikoa da, JATA markakoa, 60 modeloa. Haren diseinuan kolore biziak erabili ziren, laranja kasu. Konpainia hau Jacinto Alcortak sortu zuen 1943an. Familia- empresa bat zen; urregintzako lanak egiten zituen eta baita etxean erabiltzeko tresna elektrikoak ere. 1977an lantegi berria inauguratu zuen Abadiñon, eta 1989an enpresaren egoitza nagusia bihurtu zen. Etxetresna elektriko txikiaren fabrikazioan oso garrantzitsua izatera iritsi zen. 2016an instalazio berriak inauguratu zituen Tuteran (Nafarroa).
Orain historia pixka bat
Antzinatik bilatu da arropa luzatuta edukitzeko modua. Horretarako, lehen plantxek presioa erabiltzen zuten ehunean lisatze-efektua lortzeko bide gisa. Burdinurtuzkoak izaten ziren, egur- edo ikatz-sukaldeetako goiko txapan berotzen zirenak. Handik denbora batera, lisaburdin barnehutsak agertu ziren, txingarrez kargatzen zirenak. Desabantaila nagusia zen kedarra hari atxiki eta arropetara pasatzen zela. XIX. mendearen amaieran iritsi zen lehen lisaburdin elektrikoa: Henry W. Seely estatubatuarrak asmatu zuen 1882an. Handik gutxira, 1924an, Joseph W Myers-ek termostatoa zuen lisaburdin elektrikoa asmatu zuen. Hala ere, urte batzuk behar izan ziren proiektu hura benetan errentagarria izan zedin etxeetan, urte haietan oraindik sare elektrikoa ez baitzegoen erabat hedatuta. Bi urte geroago, New Yorken oraingoan ere, garbiketa kimikoko Elder Co enpresak lurrunezko lisaburdina jarri zuen salgai. Haren hezetasun etengabeak ez zuela arropa erreko zioten. Merkatura ateratzen ari ziren ehunak gero eta sintetikoagoak zirenez, haien lisatzeak gero eta hezetasun-ekarpen handiagoa eskatzen zuela zirudien, eta lurruna irtenbide ezin hobea zen.
Lurrunezko lehenengo lisaburdinek irteerako zulo bakarra zuten. 40ko hamarkadan bi izatera pasa ziren eta horrela, bata bestearen ondoren, kopurua biderkatuz joan zen. Lurrunaren irteera-zuloak gai garrantzitsu bihurtu ziren lisaburdin-fabrikatzaileentzat, eta lehiakideengandik bereizteko modu bat. Westinghouse etxeak hamasei zuloko lisaburdinak egiten zituen. Sears lisaburdin-fabrikatzailea lurrunaren irteerarako hirurogeita hamar zuloraino iritsi zen.
Zenbat zulo ditu Jataren 60 modeloak?