Lucas Alberdi artistaren argazki erretratua Anabel Mendezek egina

Hileko pieza
Anabel Mendez argazkilari eibartarrak egindako argazki analogiko hau aurkezten dizuegu. Martxoaren 8a ospatzeko dugun modua da.
Card image cap

Anabel Mendezek 40 urte baino gehiago egin zituen argazkigintzan, eta erretratuetan eta familia-ekitaldien erreportajeetan espezializatu zen. Denda eta argazki estudioa Toribio Etxeberria kalean egon zen 1979tik.  Bere lanetan berrikuntza lortu zuen eta beti bilatu zuen bat-batekotasuna.

80ko hamarkadaren amaieran, obra pertsonal gisa, Lucas Alberdiren zuri-beltzeko erretratu hau egin zuen. Argazkiak bolumena izan zezala nahi zuen, Lucasen nortasunean eta, batez ere, begiradan sakondu ahal izateko.

Lucas Alberdi artista garrantzitsua izan zen, 1906ko urriaren 18an Eibarren jaio eta 1993an herri berean hil zena. Marrazketaren eta damaskinatuaren artea menderatu zuen, eskultura eta erretratua ahaztu gabe. Bere ibilbide osoan sormena eta irakaskuntza uztartu zituen eta Eusebio eta Placido Zuloagaren lanaren jarraitzaile leiala izan zen.

Julian Larreategiren ikaslea izan zen, zeinak bere alderdi artistikoak aurkitu zituen. Jacinto Olaberen ikaslea ere izan zen. Agustin Larrañaga maisuaren tailerrean ere lan egin zuen, eta geroago, bakarka, zizelatzaile eta trokelista izan zen.  Normalean enkargupean egiten zuen lan.

 

Lucas Alberdik hauxe zioen damaskinatuaren prozesuari buruz: azalera hiru norabidetan pikatu behar da, bizarra mozteko orri batekin lortuko litzatekeen ildaska fina lortzeko. Lehen pasaldia bigarrena baino indartsuago egiten da, eta hirugarrena finago. Ildasketan, era guztietako filigranak egiteko erabiltzen den urrezko haria txertatzen da. Ezkutuak, inizialak, eskaintzak eta halakoak egiteko marradura ona behar da. Gero artistaren eskua dator, batez ere marrazkilariarena.   

 

Zalantzarik gabe, ondo egindako lan hori otsaileko pieza izan den eskopetaren damaskinatu-dekorazioan ikus eta goza daiteke: 1983ko Star markako 12 kalibreko eskopeta paraleloa, Star Bonifacio Echeverría SAk egina.

 

1946an Lucas Alberdik  lehen eskultura egin zuen, bere alaba modelotzat hartuta, eta 1951 inguruan marrazkiaren munduan sartu zen. 1952an Udal Akademiako irakasle izendatu zuten eta geroago Artisautza Eskola Sindikaleko zuzendari. Bere azken lanen artean, Toribio Etxeberriaren busto handi bat nabarmentzen da.