Alfa kartel argiduna

Hileko pieza
Card image cap

 

Uztaileko hilabete honetan Museoak eskuratu berri duen elementu bat aurkezten dizuegu. Sevillatik datorren kartel argidun bat da, Eibarko Alfa enpresa ezagunaren sare komertzialari dagokiona. Enpresa honek mundu osoan zehar sare komertzial bat sortzen jakin zuen, hirurogeiko hamarkadatik aurrera, josteko makinen salmenta eta konponketa puntuak barne hartzen zituena. Makinek diseinu oso berritzailea zuten, eta publizitatea funtsezkoa zen.  

Kartel argidun hau, bi aldeetatik ikus zitekeen. Garai hartako Madrilgo Carabanchel Alto herrian kokatutako Elaboración Plásticos Españoles SA enpresak egin zuen eta Alfa enpresaren logo ezaguna erreproduzitzen du.

Eibarko industriarentzat oso garrantzitsua zen fabrikatzea, berrikuntzak sartzea, produktu berriak sortzea, baina baita saltzen jakitea eta merkatu berriak sortzeko lekuetara heltzea ere. Publizitate-kartelek modu erabakigarrian lagundu zuten azken zeregin horretan. Kartel hauek lehenengo masa-komunikabideen artean daude,  mezu komertzialen egungo asetasunetik urrun zegoen gizarte batean.

Kartel argidunak funtsean publizitate-kartelak dira, proiektatzen ari diren mezua edo irudia nabarmentzeko argia baliatzen dutenak: marketin-tresna boteretsu bat, gure arreta erakartzeko eta, aldi berean, hiri-bilbeari argia emateko diseinatutakoa. Kartel argidunen hedapena fluoreszentearen edo neonezko argien agerpenarekin gertatu zen. Azken horiek 1910ean sortu ziren, Georges Claude zientzialari frantsesak Paris Motor Show erakusketan ―1898an hasitako automobilen nazioarteko erakusketa― aurkeztutako asmakari gisa.

Hasiera-hasieratik, publizitatean eta alor komertzialean erabili ziren, eta arrakasta handia izan zuten. Hamarkadetan zehar kartelen eraginkortasuna eta dibertsifikazioa bultzatu duten berrikuntzak txertatzen joan dira, hala nola formatu handiko pantailak, usaina bezalako efektu sentsorialak, LED argiztapena edo iragarki interaktiboak. Etengabe bilakaeran dagoen formatua da. Azken urteetan ingurumena errespetatzen duten formatuak ere garatu dira, haize-energiarekin eta eguzki-energiarekin aktibatutakoak hala, hiri-kutsadurari buruzko legeriara egokitzeko.