Columbus kalibrea, SYG S.L. enpresak ekoiztua. (Eibar)
Hilabete honetan, familia Gorritiri esker, duela gutxi museoko funtsetan sartu den pieza hau ekarri nahi dizuegu. Altzairuzko xaflazko kalibre hau, Vernier eskalakoa, 12 cm edo 5 hazbeterainoko doitasunarekin neurtzeko tresna da, eta errege-oina ere esaten zaio. Normalean, barneko eta kanpoko diametroak neurtzeko erabiltzen da erregela komun batek ematen duen baino zehaztasun handiagoarekin. Burdingintzako elementuak neurtzeko erabiltzen da: torlojuak, iltzeak, azkoinak, alanbreak, errematxeak, barautsak eta, bereziki, piezak mekanizatzeko. Eskala finko batek eta pieza mugikor batek osatzen dute, zeinak aldi berean mugitzen dituen kanpoaldeak neurtzeko baraila, barrualdeak neurtzekoa —belarriak ere deitutakoa— eta sakonerak neurtzekoa. Hiru eskala ditu: cm-koa, hazbetekoa eta Vernier eskalakoa.
Vernier eskalari esker, oso neurri zehatzak lortzen dira, hamar zatitan banatutako milimetro baterainoko eskalarekin. Hau oso garrantzitsua da, izan ere, produktu baten kalitatea, askotan, piezen tamainaren zehaztasunari eta doitasunari zor zaio. Eskala osagarriak aukera ematen du eskala nagusiaren apreziazioa handitzeko, neurtzeko tresnaren erregela edo eskala nagusiaren zatiketak osatzean. Dagokion milimetroaren hamarrena zehazten du.
Pedro Nunes matematikari, astronomo eta geografo portugaldarrak asmatu zuen eskala osagarri hori 1414an, eta Pierre Vernier matematikari frantsesak garatu zuen 1631n, zehaztasun handiko neurketa-tresnetan aplikatzeko. Nunesek noniusa asmatu zuen astrolabio baten laguntzaz angeluak neurtzeko. Haren sistemak eskala paraleloen multzo bat erabiltzen zuen, neurketa-eskala nagusia zehaztasun handiagoz hautemateko aukera ematen zuena.
Badakizu zergatik ezagutzen diren kalibreak errege oin izenarekin?
Metroa asmatu aurretik, oinak eta esku-ahurrak erabiltzen ziren neurriak hartzeko. Argi dago pertsona guztien oinek ez dutela neurri bera, eta, beraz, tokiko erregearen oina erabiltzea erabaki zen erreferentzia gisa.
Kalibre hau Industrias SYG S.L, Hand Tools Manufacturers, enpresak egin zuen, Txonta 39an zegoena. Enpresa 1957an sortu zen. Bazkide sortzaileak Felix Gorriti Uncetabarrenechea eta Mauro Sabán izan ziren. 70eko hamarkadan, enpresak kalibreen fabrikazioaren % 95 esportatzen zuen. Bere merkatu nagusiak europarrak ziren (Frantzia, Alemania, Holanda) eta Estatu Batuak. Felix Gorriti 1984an hil ondoren, haren familiak Eibarko enpresari batzuei laga zien enpresa. 1987an itxi zuten behin betiko.
Kalibreez gain, arotz-eskuila metalikoak, apaletako piezak eta metalezko pintzak egiten zituzten.