JAZ-Zubiaurre S.A. eskuilak
Eskuila metaliko horiei alanbrezko eskuila, zurdazko eskuila metaliko edo oxidorako eskuila ere deitzen zaie. Zurdaz edo alanbre metalikoz osatutako erremintak dira, oinarri solido baten gainean finkatuak, eta oinarri hori metalezkoa edo egurrezkoa izan ohi da. Metalezko alanbre horiek lodiera eta luzera desberdinak izan ditzakete, eta higadurari eta tenperatura altuei aurre egiteko diseinatuta daude. Eraginkortasun handikoa denez, eskuila mota hau hainbat aplikaziotarako erabiltzen da: garbitzeko eta bizarrak kentzeko, eta gainazalak prestatzeko eta leuntzeko.
Hainbat eskuila mota daude: alanbre zirkularreko eskuilak, kopa-eskuilak, forma konikoa dutenak eta dentsitate handiko alanbrezko zurdak, eskuila lauak, batik bat soldatu aurretik erabiltzen direnak, eta eskuila txirikordatuak, erresistentzia handiagokoak, urradura handirako eta garbitzeko erabiltzen direnak. Automobilgintzan ere erabiltzen dira, soldatu, pintatu eta kalitate-ikuskapenak egin aurretik gainazalak prestatzeko, eta itsasgarrien eta juntura zigilatzaileen hondarrak ezabatzeko. Eskuzkoak daude, baina baita erreminta elektriko bati konektatzen direnak ere.
JAZ- Zubiaurre S.A. enpresa
Eibarren jaio zen 1924an, hortz metalikoko eskuilak, nylon urratzaileko eskuilak eta gainazalak tratatzeko tresnak egiteko eta saltzeko. Domingo Zubiaurre izan zen enpresaren sortzailea, Eibarko armagintzarako leuntzaile gisa lan egiten zuena. Lehenengo urteetan, Unceta burdindegia bakarrik hornitzen zuten. Egoitza Eibarren zuen enpresa hori 1874an sortu zen, eta herriko eta inguruko industria-sare zabalerako tresnak saltzen zituen. Lehenengo garai hartan, gerra zibilera arte, JAZ Eibarko Arragueta kalean egon zen, baina, gerraren ondoren, Legarre kalera lekualdatu zen.
Gero, sortzailearen semea, Javier Zubiaurre, Eibarko Armagintza Eskolan hezitako industria-peritua, familiaren jardueran sartu zen bete-betean, eta enpresaren garapen tekniko eta komertziala bultzatu zuen. Orduan, jarduera Jardinak-Muzategi kaleetako instalazio berri batzuetara lekualdatu zen; izan ere, Ullastresen 1957ko krisiak, Egonkortze Planak eraginda, bezero berrien bilaketa ekarri zuen, eta horrek enpresaren hazkundea bizkortu zuen.
70eko hamarkadan, enpresa kanpoko herrialdeetara zabaltzen hasi zen, eta Alemanian eta Ameriketako Estatu Batuetan saltzen hasi ziren. Orduan, enpresa lau solairuko eraikin batera lekualdatu zen, funtzionala eta Eibarko industria-eraikuntzetara egokitua. 1997an, beste kokapen bat bilatu zuen Azitaingo industrialdean. Gaur egun bertan jarraitzen du jardunean, gainazalak tratatzeko soluzio espezializatuak fabrikatzen eta merkaturatzen, batez ere materialak garbitzen, testurizatzen eta horien bizarrak kentzen.
1999an Estatu Batuetan finkatu zen, eta gaur egun bertan sortzen du fakturazio osoaren erdia baino gehiago. Duela gutxi, enpresak trantsizio-prozesu bati ekin dio, eskuila metalikoen fabrikatzaile izatetik gainazalen tratamendu-soluzioetan aditu izatera igarotzeko, Jaz Surface Experts marka berriarekin.