Industrias Albizuriren sukaldeko tresnak

Enpresa hau Angel eta Jose Albizuri anaiek sortu zuten 1945ean. Hasiera batean automoziorako piezen mekanizazioan aritu baziren ere, segituan hasi ziren trokelak, burdindegiko piezak eta segurtasuneko gerrikoetarako mosketoiak egiten.
Lehenengo lantegia Victor Sarasqueta kaleko etxabe batean egon zen, haien etxetik gertu. 50eko hamarkada bukaerarako Legarrera lekualdatu ziren, eta hurrengo hamarkadetan Hegoamerika eta Europako hainbat herrialdetara esportatu zituzten beraien produktuak. 1995ean betiko itxi ziren "Industrias Albizuri"ren ateak.
Batez ere puntzoiak eta mosketoiak egiten zituzten. Ez zituzten sukaldeko tresna asko egin, baina multzo hau jendeari erakustea interesgarria iruditu zaigu. Azken finean, Eibarko industriaren historiaren eta ondarearen atal garrantzitsu bat dira.
Aukeratzeko dozenaka pieza bagenituen ere, lau hauek hautatu ditugu: patatak zuritzekoa, bi aizto-zorrozkailu (handia eta txikia) eta sagar-zulatzailea. Halaber, pieza bereziak izanik intxaur-hauskailu bat eta erabilera anitzeko "txangoetarako" lata-irekigailua ere aukeratu ditugu. Lehenengo laurak egurrez eta altzairu herdoilgaitzez eginda daude; azkeneko biak, altzairu herdoilgaitzez bakarrik. Tresna hauetaz gain "Industrias Albizuri"ren prezio-orri bat eta bisita-txartel bat egongo dira ikusgai.
Etorri museora pieza hauek gertutik ikustera, hemen barruan epel-epel egongo zara-eta!
Pieza hauek guztiak dohaintzan eman zizkion Angel Albizuri Ormaetxeak Armagintzaren Museoari, 2011ko apirilean.