Ignacio Ibarzabalen luxuzko eskopeta
Ignacio Ibarzabal Iriondo, Gabriel Benito Ibarzabal Pagoeguiren semea, XIX. mendeko armagilerik ezagunenetarikoa izan zen. Aitaren tailerra jaso zuen oinordetzan hura hil zenean 1852an. Ingalaterran egin zituen ikasketak eta badirudi bera izan zela Witworth harilkatze-sistema Eibarrera ekarri zuen lehena. Garaiko erakundeekin hainbat kontratu sinatu zituen, esate baterako, bideko peoientzako karabina leunak egiteko enkargua. 60ko hamarkadaren bukaeran Gipuzkoarekin sinatu zuen arauzko armak birmoldatzeko kontratua, "Orbea Hermanos" fabrikarekin partekatu zuena. Arma horiek itxiera berri batekin birmoldatu behar zituzten: Berdan 1867 modeloarekin.
Dokumentuak kontuan izanik "Orbea Hermanos"-ekin, Zuloagarekin eta Larrañagarekin batera, Ignacio Ibarzabalek ere fabrika kategoria hori izan zuen eta Bigarren Karlistaden hasierara arte mantendu zuen. Garai hartako armagile ospetsuenetarikoaren gainbehera ez da ulertzen erraza baina dirudienez karlistadetan liberalen alde egoteagatik karlistek 1873an herria hartu zutenean Eibartik alde egin behar izan zuen. Hala ere, guda hura liberalek irabazi zutenez ohore guztiekin itzuli zen 1876an. Hortik aurrera, kargu politikoak eduki zituen eta Gorteetan diputatu ere izan zen. Bera izan zen Eibarren armak probatzeko bankuaren bultzatzaile nagusiena. 1880 eta 1890 urteen artean kotizatzen zuenaren arabera, bere kabuz ari ziren langile bat edo bi zituen tailerrean baina hainbat patente ageri dira bere izenean, batez ere PUPPY motako errebolberrarekin zerikusia dutenak. 1884an Bull-Dog motako errebolberrak egiten bazituen ere, Ibarzabalen arma-ekoizpena, batez ere, PUPPIY izenarekin saldu zituen PUPPY modeloan oinarritu zen. Hala ere, badirudi Ibarzabalen ardura nagusiak zirela eskopeta gutxi batzuk egitea eta armak saltzea. Ondorioz, posibleena da PUPPIY errebolber horiek armagilearentzat lan egiten zuen José Cruz Echeverriaren tailerrean egindakoak izatea.
Ignacio Ibarzabal oinordekorik gabe hil zen 1891ko otsailaren 14an.
Bitxikeria moduan, Ibarzabal harro agertzen zen Espainian Smith & Wesson motako lehenengo errebolberra berak eduki zuelako eskuartean. Julian Echeverriak kontatzen duenaren arabera, Ignacio Madrileko armagile baten tailerrean zegoen Smith & Wessonarekin indiano bat sartu zenean. Hark errebolberrarentzat munizioa behar zuen baina mota hartako armak hemen ekoizten ez zirenez muniziorik ere ez zegoen. Ibarzabalek errebolber hura bere Lafaucheux motakoarengatik aldatu zion eta esmitza Mateo Orbeari eraman zion. Handik aurrera, orbeatarrak izan ziren mota hartako arma gehien ekoiztu zituztenak.
Hilabete honetan erakutsi nahi dugun eskopetaren inguruan eta duen kalitatea aintzat hartuta esan genezake enkarguz egindako arma izan zela. Ia erabili gabeko eta hezetasun arazorik izan ez duen ondo gordetako aurre-kargako arma da; horregatik multzoaren dotorezia. Honako pieza hauek osatzen dute taldea:
- Kaxa: haritz-egurra, bernizadura eta belus gorria. Multzoa osatzen duten pieza guztientzako hutsuneak ditu.
- Kanoia: "damaskinatu fina" edo "dama kanoia" bezala ezagutzen da eta burdin gozoz eta altzairuz egindakoa da. Eskopeta honen kanoiak leunketa bikaina dauka eta damaskinatua eta ur-markak nabarmentzen dira pieza oraindik ederrago bihurtuz. Kanoian irakurri daitezke data eta fabrikatzailea: "Eibar Anno 1858. Fbca. De Ybarzabal".
- Kulata: kaxa urrezko lorekin eta ehizarekin zerikusia duten zilarrezko animaliekin apainduta dago. Norentzat egin zen jakiten lagunduko liguken armarri eta inskripziorik ez da nabari.
- Arma garbitzeko, mantentzeko eta konpontzeko hainbat pieza ere baditu, besteak beste, baketa, bi tximinia, olio-potoa, beruna jaurtitzeko ontzitxoa, giltzak, bihurkina, bolbora-dosifikatzailea eta beruna moztekoa.
Armen erakusketa iraunkorrean ikusgai dagoen pieza honi arreta berezia ipintzea gustatuko litzaiguke benetan Eibarko armagintzaren altxorretako bat dela uste baitugu. Horretarako, museoko sarrera doan izango da apirilaren 19tik 22ra. Aprobetxatu aukera!