Helmholtz telebista. Super 24” modeloa. 9229. zk.
2021ean, 50 urte baino gehiago dituen telebista edo telebista-hargailu deituriko hau Museoko fondoetan sartu zen.
VHF-UHF pantaila panoramiko angeluzuzena du, eta fokuratze elektrostatiko bidezko aluminiozko laminatu bikoitza, 125 eta 220 V-ko eta 50 Hz-ko korronterako. Txasis bertikala du, eraisgarria eta bloke bakarrekoa. Ezaugarri teknikoen artean, honako hauek nabarmentzen ziren: aparteko sentsibilitatea, gune zailenetan ere harrera ezin hobea ahalbidetzen zuena; UHF (Ultra High Frequency) sintonizadore jarraitua; SINCROVIS blokea, bisore optikoduna; ROTOMATIC kanalen hautagailua, doitasun handiko sintonia fineko doikuntzakoa; irabaziaren kontrol automatikoa, balbula bidez gobernatua; zarata-ezabatzailea; eta sinkronismo erabat automatikoak.
Telebista horren iragarkietan zirkuituaren sinpletasuna azpimarratzen zen, eskuz alanbreztatua zegoelako eta zirkuitu inprimaturik ez zuelako; horregatik, matxurak izateko oso arriskua txikia zuen. Automatismo gorena lortzen zuen, eta irudiaren sekulako egonkortasuna eta perfekzioa, errealismorik zorrotzenarekin lehia egiteko modukoa. Beroa ahalik eta gehien sakabanatzea lortu nahi zen, telebistaren bizitza luzatzeko.
Helmholtz Electrónica SA enpresak fabrikatu zuen, 1970ean. José Luis Elorza Chinchurreta, Jesús Ibaceta Arrate eta José Ibaceta Arrate izan ziren enpresa horren sustatzaileak, hirurak ere Eibarko Armeria Eskolako ikasleak. Enpresak 1957an ekin zion bere bideari, Eibarko Errekatxu kaleko 16. zenbakian, eta organo polifonikoak eraikitzen hasi ziren. Herman Von Helmholtz (1821-1894) zientzialari alemaniarrari zor dio bere izena. Zientzialari alemaniarra anatomian katedratikoa izan zen Heidelbergeko unibertsitatean, eta, entzumena aztertu ondoren, erresonantziaren teoria formulatu zuen; teoria horren ondoren, Helmholtzen erresonadorea eraiki zuen. Eibarren bi organo-modelo espezifiko fabrikatu ziren, horiek ere Helmholtz deituak. Horietako bat Hammond CV organo amerikar ospetsuaren berdina izan zen.
1963 inguruan, enpresak fabrikaziora bideratu zuen bere jarduera, batik bat telebisten fabrikaziora; hala ere, beste gailu batzuk ere fabrikatu zituzten, hala nola erreleak, seinale musikalak edo ibilgailuetarako lapurreten aurkako zinturoiak. Zaragozako Clarivox enpresak egiten zituen beharrezko moduluak eta, haren zehaztapen teknikoei jarraituz, telebista Eibarko tailerrean doitzen zen. Inguruko beste enpresa batzuek ere parte hartu zuten telebisten eraikuntzan. Elgoibarko Florentino Etxeberria altzariaz arduratzen zen, Eibarko Cristalería Acha kanpoko beirateaz, Debako Plásticas Reiner aginte-botoiez, eta Bartzelonako Miniwatt enpresak izpi katodikozko hodiak eta kanal-hautagailua fabrikatzen zituen.
Lehen telebista-modeloak, PULCHER izenekoak, hamaika kanal zituen VHFn. Gailua zur noblezko altzari handi batean sartuta zegoen, kanpoan kristal batek babestuta.
Telebistak edo telebista-hargailuak
Lehen telebista komertziala John Logie Bairdek sortu zuen 1926an. Ardatz berari lotutako bi Nipkow disko sinkronizatzea lortu zuen. Disko bat transmisore gisa erabili zuen, eta bestea hargailu gisa; horrela, maniki baten buruaren irudia transmititzea lortu zuen, 30 lerroko eta 12,5 kuadro segundoko bereizmenarekin. Erradio horiek neoizko hodi bat zuten Nipkow diskoaren atzean; hark lente baten bidez handitutako estanpa baten tamainako irudia sortzen zuen. Nipkow diskoa metalezko disko batek eta argi-iturri batek osatzen zuten, eta, haren bidez, objektuek proiektatutako argia proiektatzen zen seleniozko xaflen gainean.
Telebista elektrikoek laster ordezkatu zituzten telebista mekanikoak. 1934an, izpi katodikozko hodien sistema agertu zen, bereizmen eta abiadura handiagoak lortzen zituena. Telebistako balbula batzuek izpi katodikoen sorta etengabe bat igortzen dute, fosforoa eta beruna dituen beirazko pantaila baten aurka talka egiten duen elektroi-korronte bat. Argiarekin erreakzionatzean, fosforoak irudia erreproduzitzen du; berunak, berriz, X izpien erradiazioak geldiarazten ditu, horiek kaltegarriak baitira osasunerako. Izpi katodikoek huts-hodi batetik bidaiatu behar zuten eta, horregatik, hodi-telebistak oso lodiak ziren. Lehen hodi-telebista Telefunkenek merkaturatu zuen Alemanian, 1934an. Bigarren mundu-gerra hasi aurretik dagoeneko 19.000 saldu ziren Erresuma Batuan eta 1.600 Alemanian.
Sistemak hobera egin zuen XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren amaieran, eta kolore gorriko, berdeko eta urdineko hiru kanoiko izpi katodikozko hodiak lortu ziren; izan ere, horiek nahastean gainerako tonalitate guztiak sortzen zituzten. Horrela jaio ziren koloretako telebistak.
2000. urtean, pantaila lauko lehen telebistak agertu ziren. Teknologia berri horrek pantaila handiagoak eta diseinu laukoak egitea ahalbidetu zuen. LCD teknologia erabiltzen zuten, kristal likidoetan oinarritutako pantailak, edo LED eta OLED teknologia, horrek mehetasun eta malgutasun handiagoko telebistak ahalbidetzen baitzituen, energia-kontsumo txikiagokoak. Baina horien bizitza baliagarria laburragoa zen eta fabrikazio-prozesua garestiagoa; beraz, ingurumen-inpaktu handiagoa zuten. 2010etik aurrera, Smart TV deiturikoak zabaldu ziren, % 100eko kolore-bolumena zuten telebistak, 4K bereizmeneko irudi perfektua, errealista, erreproduzitzeko; telebista horiek bizitza baliagarri luzeagoa dute, haririk gabe konektatzen dira eta oso ondo zaindutako diseinua dute.
Telebisten etorkizuna zalantzaz beterik dago, baina Internetera eta sareen mundura bideratuta egongo da zentzu askotan. Izan ere, ordenagailu-pantailak telebistak ordezten ari dira, eta telebistak berrasmatzen jarraitu beharko du aldiro.