Solac markako lapiko elektrikoa
Lapiko mota hauen berezitasuna da sukaldatze motelekoak direla. Aurreko programazio baten bidez sukaldaria 80-100 gradutako tenperatura egonkorren bitartez janaria denbora luzez prestatzen joango da; honela egosten dagoen bitartean bestelako eginkizunak burutu ditzake. Tresna mota hauek 70eko hamarkadan dute jatorria Naxon Utilities Corporationen eskutik nahiz eta Solac-ek urte batzuk geroago ekin zion ekoizteari. Lapikoak bi zati dauzka: batean, zeramikaz osaturiko egituran elikagaiak sartzen dira eta metalezko oinarria duen beste partean, korronte elektrikoaren bitartez beroa sortzen da.
1916. urtean sortu zen Solac enpresa Eibarko hirian eta bertan jarraitu zuen, hasiera batean Matxarian eta geroago Txonta kalean. 2003. urtean Gasteizera eraman zuten Eibarren geratzen zen ekoizpena eta horrela Gasteizko sail nagusiarekin bat egin zuen. Sorreratik hasita ekin zioten etxetresna elektrikoei egiteari. Hasieran kafeterak eta plantxak egiten zituzten. Denborak aurrera egin ahala beraien ekoizpena dibertsifikatzea erabaki zuten. Eta horrela, 1955. urtean ogi txigorgailuak egiten hasi ziren. Poliki-poliki Solac marka handituz joan zen eta 1979. urtean hidropresiozko lehendabiziko kafetera sortu zuten eta urte batzuk beranduago, 1983. urtean, esnea berotzeko lehendabiziko makina.
Solac kalitate handiko produktuak dituen enpresa bat dugu eta beraz esan daiteke Eibarren historian zehar egin diren lan finen eredu dugula.
Pieza hau Pilar Gutiérrez de Tejadak eman du.