Eskuko Daratulua
Eskuko daratulu hau museoko erakusketa iraunkorrean dago ikusgai, XX. mendeko 60ko hamarkadako gelan. Museoak dituen hainbat pieza bezala, Carlos Narbaizaren familiak aldi baterako utzitako erreminta da, azkenean, 2015ean dohaintzan eman bazuen ere. Burdinazko tresna da, eta heldulekuak egurrezkoak dira; gainera, pieza osoa ikus daiteke, barautsa eta guzti.
Carlos Larrañagak eta Domingo Elorzak 1918ko abuztuaren 17an sortu zuten enpresa. STAR arma-fabrikako langileak ziren, non su-armak eta ordezko piezak egiten zituzten. Hain langile trebeak zirenez, STARen jabeak, Bonifacio Echeverriak, bere markarekin girgiluak fabrikatzeko lizentzia eman zien. Horrela ekin zioten 1921ean beraien marka erabiltzen hasi ziren arte: Larrañaga y Elorza SRC. Bertan, bi bazkideak eta beste bost langilek egiten zuten lan. Urte batzuk geroago Sozietate Komanditarioa izatera pasatu zen enpresa, eta 1951n Sozietate Anonimoa. Lehenengo lantokia Ardantza kalean izan zuten; handik Jardinetara pasatu ziren; eta azkenik, Barrena kaleko 13. zenbakian kokatu ziren.
Beraien lehenengo asmoa su-armak egitea zen, hain zuzen ere Eibar motako pistola, Jubala izenekoa. Pistola mota horiek Browning 1906 armaren kopia ziren. 1923a arte egin zituzten pistolak, 1921an produkzioa girgiluekin dibertsifikatzen hasi baziren ere. Ordutik eta gaur egunera arte girgiluak izan dira enpresaren oinarri, ALCYON marka erregistratuarekin saldu dituztenak mundu osoan zehar.
Gerra Zibila bukatu zenean, 1941 inguruan, burdindegiko artikuluak egiten hasi ziren: zulagailuak, tornu txikiak, mailuak, birabarkiak, etab. 1980. urtera arte brikolajerako eta burdindegiko produktuak ere komertzializatu zituzten, esate baterako, kortxo-kentzekoa, pintzak eta zukugailuak.
1990ean, enpresaren kudeaketa mota birmoldatu, eta girgiluak bakarrik ekoiztera pasatu ziren, artikulu berriak sortuz, marketin arloa zainduz, eta merkaturatzeko sare komertzialak hobetuz. Ekoizpen mota aldatu beharra zegoelako, 2008an Elgoibarko industria-gune batera lekualdatu ziren, eta bertan diraute oraindik ere. Gaur egun, ALCYON markako segurtasun-produktuak 90 herrialde baino gehiagotan saltzen dira.