Eskuko Daratulua

Gerra zibilaren ondoren Hileko pieza
Ehun urte betetzen ditu aurtengo udan Larrañaga y Elorza enpresak; hori dela eta, hilabeteko pieza gisa haiek egindako eskuko daratulua aukeratu dugu.
Card image cap

Eskuko daratulu hau museoko erakusketa iraunkorrean dago ikusgai, XX. mendeko 60ko hamarkadako gelan. Museoak dituen hainbat pieza bezala, Carlos Narbaizaren familiak doahintzan emandako erreminta da.  Objektu metalikoa da, egurrezko heldulekuak dituena; gainera, pieza osoa ikus daiteke, barautsa eta guzti.

Carlos Larrañagak eta Domingo Elorzak 1918ko abuztuaren 17an sortu zuten enpresa. STAR arma-fabrikako langileak ziren, non su-armak eta ordezko piezak egiten zituzten. Hain langile trebeak zirenez, STARen jabeak, Bonifacio Echeverriak, lizentzia eman zien bere markarekin girgiluak fabrikatzeko. Horrela ekin zioten 1921ean, beraien marka erabiltzen hasi ziren arte: Larrañaga y Elorza SRC. Bertan, bi bazkideak eta beste bost langilek egiten zuten lan. Urte batzuk geroago Sozietate Komanditarioa izatera pasatu zen enpresa, eta 1951n Sozietate Anonimoa. Lehenengo lantokia Ardantza kalean izan zuten; handik Jardiñetara pasatu ziren; eta azkenik, Barrena kaleko 13. zenbakian kokatu ziren.

Lehenengo asmoa su-armak egitea zen, hain zuzen ere, Eibar motako pistola, Jubala izenekoa. Halako armak Browning 1906 armaren kopia ziren. 1923a arte egin zituzten pistolak, eta 1921an produkzioa girgiluekin dibertsifikatzen hasi ziren. Ordutik eta gaur egunera arte girgiluak izan dira enpresaren oinarri, eta ALCYON marka erregistratuarekin saldu dituzte mundu osoan zehar.

Gerra Zibila bukatu zenean, 1941 inguruan, burdindegiko artikuluak egiten hasi ziren: zulagailuak, tornu txikiak, mailuak, birabarkiak, etab. 1980. urtera arte brikolajerako eta burdindegiko produktuak ere komertzializatu zituzten, esate baterako, kortxo-kentzekoak, pintzak eta zukugailuak.

1990ean, enpresaren kudeaketan birmoldaketa sakona egin eta gero, girgiluak bakarrik ekoiztera pasatu ziren. Artikulu berriak sortu zituzten, marketin arloa zaindu, eta merkaturatzeko sare komertzialak hobetu zituzten. Instalazioak modernizatu behar zirela-eta, 2008an Elgoibarko industria-gune batera lekualdatu ziren, eta bertan diraute oraindik ere. Gaur egun, ALCYON markako segurtasun-produktuak 90 herrialde baino gehiagotan saltzen dira.