Silver Car Suspentsio-Sistema

CM ibilgailuentzako Silver Car sistema hau aluminioz eta karbono-altzairuz eginda dago; malguki helikoidal bat dauka, eta baita tutubakar erako motelgailua ere, presio altuko gasduna. Horrek guztiak ibilgailua altueretan erregulatzea ahalbidetu eta lasterketa-autoetarako berezko sistema bihurtzen du. Suspentsio-sistema hau Engimek enpresa eibartarrak sortu zuen neurrira 2009an, ibilgailu jakin baterako: Silver Car markako 1 modeloa.
Silver Car FIAk homologatutako lasterketa-autoetan espezializatutako Nafarroako enpresa bat da. Modelo hauek bereziki diseinatuta daude CM kategorian, mendi-txapelketetan eta nazio mailako zirkuituetan lehiatzeko. Izan ere, 2009an eta 2010ean, hurrenez hurren, Silver Car S1 modeloarekin, Engimek-ek egindako supentsio-sistemaduna, Pedro Roca pilotuak Espainiako Mendi-Txapelketa irabaztea lortu zuen. Hurrengo urteetan beste pilotu batzuek ere garaipena lortu zuten baldintza berberekin .
Automobilgintza eta teknologia interesatzen bazaizkizue, hil honetan museoa bisitatzera animatzen zaituztegu: aipatutako piezaz gain, gure hiriaren ibilbide historiko-industrial eta teknologikoaz gozatuko duzue.